ADIMEN EMOZIONALERA SARRERA

Azken urte hauetan gorakada handia izan du adimen emozionalaren inguruko interesak. Adimen emozionala da antzeko gaitasun intelektuala izanik, hainbat arlotan lorpen gehiago edo gutxiago izatea eragiten duena.

Daniel Golemanen “Inteligencia Emocional” liburua best-sellerra bihurtu zen argitaratu zenean. Ideia berritzaile bat proposatzen da bertan, eta dio emozioen kudeaketa egokia erabakigarriagoa dela bizitzan lorpenak izateko, koefiziente intelektuala baino. Idazlearen esanetan:

“Emozioak indartsuak dira, eta horiek menderatzea da adimen emozionala”

Adimen emozionala modu egoki batean lantzeko beharrezkoa da ondorengo ideiak jorratzea:

  • Auto-ezagutza eta kontrola. Zer gertatzen zaigun eta zergatik gertatzen zaigun ezagutzeko.
  • Gure inguruko pertsonak hobeto ulertzeko, eta beren emozio zein jarreren aurrean modu egokiagoan jokatzeko.
  • Gizarte-erlazioak. Benetako lotura zintzoak ezartzeko, eta gizarteko hainbat arlotan modu aktiboan parte hartzeko.
  • Eragin pertsonalak. Beren jokaeren bidez gainontzekoak inspiratzeko gaitasuna dute.
  • Ikusepegia menderatzea. Egiazkotasuna transmititzen du, jokaera eta ideiak bat datozelako proposatzen den filosofiarekin.

Bakoitzak arlo horiek lantzeko eta emozioen aurrean ditugun gaitasunak aztertu ahal izateko, ezinbestekoa izango da momentu oro barneko emozioez kontziente izatea. Modu horretan emozio horiek indartzaileak edo mugatzaileak diren aztertu ahal izango dugu, eta kudeaketa egoki bat aurrera eramateko tresnak landuko ditugu.

Zer dago emozioen aurretik eta zer ondoren? Beharrezkoa da emozioak bultzatzen dituzten sinesmen eta pentsamenduak ezagutzea. Zerbaiti (edo norbaiti) buruz daukagun sinesmenak pentsamendu zehatz bat dakar, eta horrek aldi berean emozio zehatz bat eragiten digu. Horregatik, sinesmenak aldatzea lortzen badugu, gure pentsamenduak ere aldatuko lirateke, eta ondorioz, emozioak ezberdinak izango lirateke. Beraz, aurretik dagoena alda dezakegu emozioetan eragin ahal izateko.

Beste aukera, emozioa jasan ondorengo jarrera lantzea da, eta auto-ezagutza eta norbere buruaren kontrolean oinarritzen da. Behin emozioa sentitu dugula, horren aurrean hartzen dugun jarrera besterik ez da geratzen, eta jarrera horren eraginak. Gure buruarekiko ezagutza badugu, gure jarrera kudeatzeko gai izango gara emaitza egokiak lortzeko. Ez badugu ezagutza gaitasun hori, aldiz, gure emozioek menderatuko gaituzte eta ez gara gure jarrera kontrolatzeko gai izango. Ondorioz, hartutako jarrerek askotan nahi ez ditugun eraginak izango dituzte.

Emozioa antzematea, emozioa onartzea eta emozioa kudeatzea dira jarraitu beharreko hiru pausuak hazkuntza-prozesu honetan, eta horietako bakoitza landu beharko dugu ariketen bidez.

  • Gai al zara momentu honetan sentitzen ari zaren emozioa antzemateko?
  • Gai al zara emozio hori idatzi, izena jarri eta adjektibo batzuen bidez deskribatzeko?
  • Gai al zara emozioa gorputzeko zein ataletan sentitzen duzun zehazteko?
  • Zein da emozioaren intentsitatea?
  • Emozio horrek indartu edo ahuldu egiten zaitu?
  • Nola jokatuko duzu emozio horrek aurrean?

Nire tailerretan igeriketa erabili ohi dut adibide gisa. Asko gustatzen zait adibide hau, izan ere, oinarrian igeri egiten ikasteko prozesua bat dator emozioen kudeaketa prozesuarekin. Igeri egitearen inguruan asko irakur dezakegu, igeriketako bideo ugari ikus ditzakegu, igeri egiteko teknika egokiak azaltzen dituen hitzaldietara joan gaitezke, eta igeri egiten irakatsiko digun irakaslerik hoberena ere izan dezakegu.

Baina… ez dugu inoiz benetan igerian ikasiko uretara sartu eta busti arte. Ez dugu igerian ikasiko ura hotza edo beroa dagoen sentitu arte, burua ur azpian sartzeko gai izan arte, eta uretan aurrera goazela ikusi eta gure buruaz harro sentitu arte. Hobeto edo okerrago egingo dugu igeri, baina uretara sartu eta gure gorputza igerian sentitu arte ezinezkoa da igeri egiten ikastea.

Bai igeri egiten baita emozioak kudeatzen ikasteko garai egokiena haurtzaroa da. Orduan da ikasketarako irekien gauden momentua, blokeo eta beldur gutxien ditugun garaia. Hala ere, inoiz ez da berandu. Pertsona asko ezagutzen eta laguntzen ditut  igeriketa zein emozioen munduan heldutan murgildu direnak, eta aurrerapen handiak lortu dituztenak.

Ikus dezakezunez, artikulu honen helburua uretara salto egitera animatzea da, gure burua busti, egunerokotasuneko emozio horiek sentitu, eta gure zoriontasunerako modu eraginkorrenean kudeatzea. Horretarako, zure jarrera eta parte hartzea oso baliagarria izango da, baina ez da ezinbesteko baldintza bat. Hitz egin nahi ez dugunean edo ekintzaren batean parte hartu nahi ez dugunean ere, gure barnea zerbait azaltzen ari zaigu. Eta zerbait hori interpretatu eta kudeatzeko gai izanez gero ere aurrera egin ahal izango dugu.

Beraz, edozein modutan, parte hartzeak, galdetzeak, entzuteak, edo besterik gabe gainontzekoak babesteak, gure barnearekin konektatzea baimenduko digu, guri soilik dagokigun barnealde horrekin konektatzea. Eta horren aurrean hartuko dugun jarrera erabakitzea ere guri soilik dagokigu. Orain arte bezala jarraitzea erabaki dezakegu, edo aldaketaren bat egitea ere bai.

Emozioen mundua interesatzen bazaizu eta informazio apur bat nahi baduzu, hemen gomendio batzuk:

Nola ez, liburu batzuk. Zer litzateke mundua libururik gabe!:

  • “Inteligencia emocional”, Daniel Goleman.
  • “Inteligencia emocional 2.0”, Travis Bradberry.
  • “El principito se pone la corbata”, Borja Vilaseca.

Ondorengo pelikula hauek ere gomendagarriak dira arratsalde goxo bat igaro eta gainera emozioen inguruan apur bat ikasteko:

  • “El discurso del Rey”. Beldur eszenikoak eragindako emozio eta beldurren kudeaketa azaltzen du.
  • “Jerry Maguire”. Bi pertsonaien emozio-kudeaketa eta gaitasun sozialen lanketa azaltzen du, beren bertsiorik onena lortzeko.
  • “Cadena perpetua”. Garrantzitsuena ez da gertatzen zaiguna baizik eta gertatzen zaigun horrekin egiten duguna.

Hainbat ospetsuren esaldiek ere askotan lagun gaitzakete gure burua bideratzen. Adibidez:

  • “Bizitza guztia norbait izan nahian, eta gaur norbait naiz, baina ez naiz ni”. Wayne Dyer.
  • “Mundu guztia baztertzen da nora doan argi daukan pertsona bat pasatzen ikustean”. Antoine de Saint-Exupery
  • “Mendera ezazu zure garuna edo berak menderatuko zaitu zu”. Horacio.

Guzti horrekin, nire helburua gure emozioen inguruko ideia argi bat jasotzea da. Nola sortzen diren, zein diren indartzaileak eta zein mugatzaileak, nola joka dezakegun emozioen aurrean… eta, batez ere, norbera bere emozioen jabe izatea. Izan ere, emozioak norberarenak dira, norberak sortuak, eta norbera munduko pertsonarik zoriontsuena edota zorigaitzena bihurtzeko ahalmenarekin.

Espero dut aurrerakin honek landu dezakegunaren inguruko ideia bat eman izana, eta barnealdean emozioen kudeaketaren bidea ekitera bultzatuko gaituen sugar bat piztu izana. Laguntzarik behar izanez gero, kontakta nazazu zalantzarik gabe: www.luisoiarzabal.eus

0 comentarios

Dejar un comentario

¿Quieres unirte a la conversación?
Siéntete libre de contribuir

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *