ALDAKETA PERTSONALA BIRIBILGUNETIK ATERATZEKO

Krisi egoerek beti aukera berriak eskaintzen dituzte. Hau da, krisialdia aldaketa da, eta aldaketek beti sortzen dituzte aukera berriak. Betiere gure jarrera egokia bada, noski.

Horren aurrean nire proposamena aldaketa pertsonala da. Egoerarekin borrokan ibili beharrean, egoera egokitu eta gure aldeko ahal den etekin handiena lortzea. Horretarako adimen emozionala izatea eta bere baitan jokatzea beharrezkoa da, eta horrek errespontsabilitatea eskatzen du.

Azken urteetako egoera lasai eta komodoak, kontsumismoak, diru errazak eta abarrek narkotizatu egin gaituzte. Norberaren indarra eta gaitasunak estali eta ardien moduan jokatzera ohitu gara, eta ahaztu egin zaigu lehoiak garela, badugula zailtasunetatik ateratzeko gaitasuna.

Jende asko da krisialdia pasa eta lehengo egoera noiz bueltatuko den zain geratzen dena. Baina konturatu behar gara ez dela bueltatuko,eboluzioa etengabeko da, egoera berri batean sartu gara eta zenbat eta azkarrago moldatu egoera horretara hobe. Aldatzeko garaia da, eta aukera ederra daukagu aurrean askatasunez, errespontsabilitatearekin eta bizitzari zentzua emanez bizitzeko.

Aurrera begiratzeak askotan beldurra sortarazten digu, baita estresa ere. Gure bizitzan egin ditugun aurrerapauso nagusienek ziur kezka eta beldurra eragin zigutela bere momentuan, eta seguruenik gaur egun erabaki horietaz oso harro gaudela. Esaterako, ikasketak erabaki, lagunak aukeratu, ezkondu, seme-alabak izatea erabaki, etxea erosi, lanez aldatu, eta abar.

Erabaki zailen bat hartzeko momentuan lehoi baten moduan jokatzen al duzu, edo kikildu egiten al zara? Nola sentitzen zara erabaki zail horiek hartu ondoren? Zu zeu sentitzen al zara momentu horretan?

Lehen esan dugun bezala, oso ohikoa da etorkizunarekin kezkatuta eta iragana burutik kendu ezinik egotea. Baina modu horretan esku artean dugun oraina bizitzeari uzten diogu, eta horixe da daukagun bakarra, oraina. Iragana pasa da, eta etorkizuna ez dakigu iritsiko den. Orain dugu aukera gure etorkizuna idazteko eta martxan jartzeko, gaur landatzen duguna izango da bihar fruitua emango duena.

Martxan dauden pertsonak ilusioz beteta egoten dira. Ez dakite zer etorriko den gero, baina argi daukate nolako bizitza nahi dute, argi dauzkate helburuak, eta hori lortzeko lanean dihardute. Hori norberaren errespontsabilitatea da, norberaren esku dagoen zerbait da. Ezin da politiko, irakasle, guraso edo beste edonorrengan eskuordetu.

Norberaren esku dago norbere etorkizuna gaur bertan idazten hastea. Horretarako garrantzitsua da helburuak eta eman beharrezko pausuak ezagutu eta argi izatea. Izan ere, nora goazen jakinda errazagoa da bideari ekitea. Egin beharreko hori dena delakoa dela ere, jarri gaitezen martxan eta ekin diezaiogun bideari.

Beraz, hausnarketarako momentu egokia da. Hainbat arlo azter ditzakegu: nola irabazten dugu dirua eta nola gastatzen dugu, zer baliabide dauzkagu eta nola erabiltzen ditugu, nolako bizitza daukagu eta nolakoa izatea gustatuko litzaiguke, nola sentiarazten gaituzte dauzkagun erlazioek, eta abar luze bat. Arlo guzti horietaz kexaka ibiltzeko ohitura daukagu (lana, bikotea, seme-alabak, lagunak, familia, politikoak…). Nire galdera ondorengoa da: Nork aukeratu du hori guztia? Guk geuk. Eta orduan, nor da erruduna? Errazena gure erruak eta ezinegonak gainontzekoei leporatzea da, eta zaila suertatzen zaigu gure bizitzaren jabe izatea.

Esan bezala, oso garrantzitsua da helburu bat izatea eta gaurtik hasita pauso txikiak ematea helburu hori lortzeko.Arabiar esaera zahar batek zera dio:“zerbait nahi duenak bilatuko du modua, beste guztiek berriz aitzakiak bilatuko dituzte”.

Liburu hau bere bizitzaren gidaritza hartu nahi duten pertsonei zuzenduta dago. Bakoitzaren egoerak, aldaketak eta erabakiak norberaren fruitu izan behar dute, norberak izan behar du bere bizitzaren gidari, eta jarrera horrekin jokatzeak abantaila ugari eskaintzen ditu. Adibidez, norbere bizitzaren errespontsabilitatea hartzea, autoestimua lantzea, norberak erabakitzea aldaketak eta ez alderantziz, bizitzaz gehiago gozatzea, osasuntsuago egotea, negar gutxiago eta barre gehiago egitea, eta abar.

Zorionez,egunetik egunera beren bizitzaren jabe diren pertsonen multzoa handitzen ari da, modan jartzen ari da norberak bere buruaren ardura izatea. Baita norberak bere bizitza lantzea eta ingurukoei laguntzea ere. Bizitzak azkenean langileak goraipatzen ditu, eta ez aitzakiatan itotzen direnak.

Hemen duzu galdera garrantzitsu sorta bat: Zure esku dagoen zer aldatuko zenuke zure bizitzan? Zein litzateke egoera egokiena? Zergatik ez duzu oraindik aldatu? Zer pauso eman ditzakezu aldaketarako? Noiz hasiko zara?

0 comentarios

Dejar un comentario

¿Quieres unirte a la conversación?
Siéntete libre de contribuir

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *