BIRZIKLATZEKO GARAIA DA

Uda giroan sartu berri gara eta momentu egokia da atseden hartu eta gure barnealdea birziklatzeko. Urtean zehar gauza berriak egin eta ikasten saiatzen gara, berritasun horretan zerbait hobea lortuko dugulakoan. Baina batzuetan komenigarria da apur batez geratu, barruan daukaguna berreskuratu, gure buruarekin kontaktuan jarri eta norbere buruarekin bakeak egitea.

Lehenago ere askotan aipatu izan dut “kontziente” hitza. Edozein aldaketa aurrera eramateko ezinbestekoa da kontziente izatea, eta galderen bidez norbere kontzientzia horretara hurbiltzen saiatzen gara erabaki egokienak hartzeko helburuarekin.

Gaurkoan urtearen errepaso txiki bat egin nahi dut, ikusteko ea norbera kontziente izateko zenbat gauza aipatu ditugun eta horietako zenbat jarri ditugun martxan:

· PLAN BAT IZAN. Zein garrantzitsua den  gure bizitzarako. Plana edo helmuga  argi badaukagu errazago iritsiko gara nahi dugun leku horretara. Udako oporrak bezala, adibidez: nora joan nahi dugun badakigu eta mapa bat badaukagu, bidea jarraitzea besterik ez da geratzen, lehenago edo beranduago iritsiko gara.

· SINESMENAK ZALANTZAN JARRI. Gure sinesmenen arabera izango gara  gai  edo ez gai. Gure sinesmenek mugatzen gaituzte gehienetan edozein helburu lortzeko garaian. Askotan komenigarria da gure buruaren pentsamoldea aldatzea. Henry Ford-ek aspaldi esan zuen moduan:

“Gai zarela pentsatzen baduzu edo gai ez zarela pentsatzen baduzu, bi kasutan arrazoi izango duzu”

· BELDUR NAIZ. Beldurra da gure buruarentzat beste freno nagusienetako bat. Beldurrak atzera bultzatzen gaitu eta askotan ez digu buruan edo bihotzean daukagun hori egiten uzten. Lagungarri da egunero beldurra sentiarazten digun zerbait egiten saiatzea. Ez du beste munduko ezer izan beharrik, gauza txikiak izan daitezke. Eta hori egiteko gai bagara, laster izango dugu konfiantza gehiago gure buruarengan.

· NI HORRELAKOA NAIZ. Hainbeste errepikatzen dugun esaldi hau ere gure beldur eta sinesmen mugatzaileen seinale argia da. Inor ez da “horrelakoa”. Horrelakoak bihurtu gara komeni zaigulako, eta askotan ez dugu aldatzeko intentziorik. Baina guztiok alda dezakegu izaera, baita zuk ere.

· MOZORROAK KENDU. Bizitzan zehar askotan mozorrotuta joaten gara. Lekuan lekuko mozorroa, momentu oro egoki datorkigun mozorroa. Batzuetan mozorro arinak eramaten ditugu eta ez digu karga gehiegirik suposatzen, baina bestetan izugarrizko mozorroak jantzita joaten gara, benetan gu garena guztiz estali eta alde batera utzita.

Mozorrotzearen arrisku nagusiena mozorroarekin bat egitea da eta azkenean gu benetan zein garen ahaztea. Zaila izan daitekeen arren, garen bezala azaldu gaitezkeenean lasaitasuna eta bakea lortuko dugu gure buruarekin, inongo mozorrorik janzteko beharrik gabe. Saiatu mozorrorik gabe bizitzen.

· ZORTEA EDO ZORTE ONA. Zortearen kontua ere norberaren lana da. Zortea noiz etorriko zain egon gaitezke ezer egin gabe, edo zorte onaren bila joan gaitezke lehen aipatutako planarekin eta gure beldurrak eta sinesmenak gaindituz. Azken batean jarrera kontua da. Zortearen bila goazenean ez dakigu ziur aurkituko dugun, baina ziur jorratutako bidea askoz ere aberatsagoa izango dela, eta baliteke bilatzen ari garen hori aurkitzea ere.

· ARAZOAREN PARTE EDO KONPONBIDEAREN PARTE. Hau ere, zortea bezala, norbere jarreraren araberakoa da. Gure inguruan maiz ikusiko dugu egun guztia kexaka igarotzen duen jendea. Horrelako pertsonentzako dena egoten da gaizki eta beti ingurukoen errua izaten da. Ez dute inongo konponbiderik proposatzen, soilik gainontzekoena  kritikatzen dute. Horiek arazoaren parte lirateke.

Beste aukera, konponbidearen parte izatea da: gauzak egiten saiatu, konponbideak proposatu eta aurrera eraman, ingurukoei lagundu, eta abar. Askotan nahastuko dira, eta noski, ez zaie saiatutako guztia nahi bezala aterako, baina batzuetan asmatzen dute edo gauza ikaragarriak egiten dituzte. Horrela, beren buruarentzat zein ingurukoentzat onura izugarria lortzen dute. Beraz, kasu honetan ere norberaren esku dago zein aldetan jarri.

· KENDU BIDEKO HARRIAK. Bizitzak berak nahikoa harri jartzen dizkigu bidean eta nahikoa lan daukagu harri horiek gainditzen. Beraz, zertarako jarri harri edo oztopo gehiago?

Beti daukagu inguruan egun osoa kexaka igarotzen duen norbait, humore txartua, guztiaren alde txarra ikusten duena, goiz eguzkitsua ikusita ere arratsaldean euria egingo duela esaten duena.  Horrelakoa zarela uste baduzu,  esan “nahikoa!” zure buruari eta aldatu zure jarrera gaurtik hasita. Zure onerako izango da, baita  ingurukoentzako ere. Inguruan horrelakoren bat baduzu, berriz, kontuz. Ihes egin lehenbailehen, berun zatiak bezalakoak baitira, eta beraiekin batera ondoratuko zaituzte. Sailkatu nolako pertsonak nahi dituzun zure alboan, argia pizten dutenak edo iluntasunean gustura daudenak.

· ZEIN AURPEGI JANTZIKO DUT. Beste behin ere, norberaren jarrera kontua. Egunero etxetik atera aurretik aukeratzen dugu zein arropa jantzi, nola orraztu eta zer itsura azalduko dugun gainontzekoen aurrean, baina gutxitan egiten dugu geldialditxo bat gure jarrera nolakoa izango den erabakitzeko: alaitsua, borondate onekoa, lagunkorra, gertukoa, …  Hori guztia ere gure esku dago. Lehen aipatu bezala, ezin dugu esan “ni horrelakoa naiz” eta momentuan pentsatu gabe barrutik ateratzen zaiguna askatu. Erabaki dezakegu zer askatu nahi dugun, loreak edo gorotza.

· ARRAZOIA NIK DUT. Gure arrazoiarekin bueltaka beti. Bakoitzak bere arrazoia duela ikasten dugunean, eta norberak arrazoi hori izan eta defendatzeko eskubidea duela onartzean, izugarrizko bakea lortzen dugu gure buruarekin.

Bakoitzak bere ikuspuntuaren araberako arrazoia daukagu, eta egokiena litzateke jakitea nik nire arrazoia badudala, baina gainontzekoen arrazoiak entzuteko irekita edo prest egotea gutxienez. Beraz, edozein arlotan ez bagara adostasunera iristen, interesagarria da onartzea “ados gaudela ez garela adostasunera iritsi”.

· GOZATU ETA OPARIAK EGIN. Komenigarria da gure inguruan dagoen guztiaz gozatzen ikastea: eguzkia, haizea, euria, lurra, musika, isiltasuna, itsasoa, mendia, irakurketa, usainak… Hainbat doako gauza dauzkagu egunero gure inguruan eta askotan konturatu gabe pasatzen dira, edo ez ditugu baloratzen. Bestalde, opariak egiten jakitea ere garrantzitsua da: hitz goxo bat, besarkadak, muxuak, eskutitzak, txalo bat, bisita bat, eta abar. Doakoak diren detaile txiki/handi horiek edonork opari bezala jasoko lituzke.

Bi joera horiek ere gure esku daude ,eta aurretik aipatu bezala beharrezkoa da gelditu, norbere barrura begiratu eta erabakitzea nolako jarrera izan nahi dugun.

Uda momentu egokia da eguneroko erritmotik atera eta hausnartzeko nola jokatuko dugun gure buruarekin zein gainontzekoekin. Ez galdu aukera, ez baitakigu noiz izango den azken aukera, eta hemen gaudenez, aprobetxa dezagun uda eder bat igarotzeko, barruan dugun gauza pila hori berreskuratu eta birziklatzeko, eta gure buruarekin gustura egoteko. Hori da lehen urratsa, norbera bere buruarekin gustura egotea, izan ere “daukazuna ematen dugu, ez daukaguna ezin dugu eman”.

Betiko lez: Sinplea. Ez erraza, baina bai sinplea.

PELIKULA: TOCANDO EL VACIO

LIBURUA: UN LUGAR LLAMADO DESTINO (Javier Iriondo)

0 comentarios

Dejar un comentario

¿Quieres unirte a la conversación?
Siéntete libre de contribuir

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *