BIZILAGUNEN BILERA

Bizilagunen arteko bilera egitea proposatzen dut. Barnean ditugun bizilagunen arteko bilera bat, hain zuzen ere. Goiko bizilagun garuna, beheko bizilagun bihotza eta administratzailea, ZU.

Kalkutako Teresak esan zuen moduan: “Pertsona baten lanik zailena goiko eroa kontrolatzea da”

Goiko bizilaguna garuna edo zentzua da. Serioa, zentzuduna, koherentea, beldurtia, lotsatia eta kontserbadorea da. Asko daki, esperientzia dauka eta erraz ikusten du arriskua.Beheko bizilaguna aldiz,bihotza edo emozioa da. Alaia eta ameslaria da eta ilusioz eta maitasunez beteta dago. Bizitza polit ikusten du, maitatzea eta maitatua izatea gustatzen zaio eta gauza txikiei garrantzia ematen die.

Askotan gertatzen zaigu gure barruan dena korrika eta nahastuta dabilela. Alde batetik, burua bere pentsamenduekin eta kezkekin, eta bestalde bihotza bere alaitasun edo tristurekin. Denak nahastuta, denak elkarren aurka.Emozioak norabide batean doaz eta burua berriz korrika norabide horren ondorioak zein izango diren arrazoitzen. Eta tartean ZU, guzti horren jabe eta arduradun.

Konturatzen al zara zu ez zarela zure burua eta ez zarela zure emozioa? Zu bion tartean dagoen pertsona zara, hain ezberdinak diren bi bizilagun horiek kudeatu behar dituena. Baina hori guztia kudeatzea helburu duen bide horretan, hausnartzen al duzu zer nahi duzun edo nora joan nahi duzun? Edo lehen aipatu bezala, biribilgune batean bueltaka al zabiltza noraezean?

Uste dut gehienetan ez dugula nahikoa denbora igarotzen hausnarketa hori egiten, ez dugula gure bizilagunen arteko bilerarik egiten, ez dugula barneak garrasika esaten diguna entzuten. Nire saioetan askotan horren justifikazio moduan “ez daukat denborarik” entzuten dut. Korrika gabiltza, nora goazen jakin gabe, eta ez daukagu denborarik apur batez gelditu eta nora joan nahi dugun pentsatzeko? Zer iruditzen zaizu?

Aspaldian konturatu nintzen ez dutela arrakasta gehiago izaten gauza asko egiten dituzuten pertsonek, baizik eta gauza egokiak eta erritmo egokian egiten dituztenek baizik. Azken horiek gainera ezaugarri komun bat izaten dute: beren denbora eta helburuak kudeatu eta planifikatzeko denbora hartzen dute.

Denbora esku artean daukagu, goizero daukagu denbora hori nola kudeatu erabakitzeko aukera, baina askotan ez dugu modu egokian egiten. Denbora oso erraz eralgitzen dugu eta behar dugunerako ez zaigu geratzen.Kontu korrontea begiratzen dugun moduan begiratuko bagenuke bizitza eta gelditzen zaigun denbora etengabe jaisten doala ikusiko bagenu, agian apur batez gelditu, barneak esaten diguna kontutan hartu eta denbora horrekin zer egin nahi dugun hausnartuko genuke.

Zure barnean dauden goiko eta beheko bizilagunek diotena entzutera ausartzen zarenerako ideia batzuk dituzu hemen:

  • Ez dago denerako denborarik. Beraz, zertan igaro nahi duzu denbora?
  • Nire osasunaren mesederako ezetz esaten ikasi behar duzu, modu onean, baina EZ.
  • Zerk lapurtzen dizu denbora? Zertan igarotzen duzu? Norentzat erabiltzen duzu?
  • Nondik aterako duzu zuretzako denbora?
  • Gogoratu: lehendabizi beti garrantzitsuena. Zer da zuretzat garrantzitsuena?
  • Planifikatu eta antolatu zure denbora eta helburuak.
  • Besteei dagozkien zereginak besteentzako utzi.
  • Egin gauzak ondo eta txukun, baina ez ibili perfekzioaren bila beti.
  • Ez galdu denbora hara eta hona noraezean.
  • Kendu bidetik oztopatzen zaituen edozer: gauzak, lanak, inguruak, pertsonak…

Denbora gehiegi pasatzen dugu hainbeste garrantzirik ez duten gauzetan edo pertsonekin, benetan garrantzia dutenak alde batera utzita. “Egin gehiago egin behar duzuna eta gutxiago egin behar ez duzuna”. Xamurra eta erraza dirudi, ezta? Ba, animo! Budistek esaten duten bezala, gaur gaurkoa eta bihar biharkoa eginez, iritsiko zara. Ez saiatu gaur hilabete osokoa egiten.

Ez badiogu buruak eta bihotzak etengabe adierazten digunari kasurik egiten eta ez badugu bien arteko bilera egiteko denborarik hartzen, azkenean modu batera edo bestera esaten dutena entzunaraziko digute. Hau da, iritsiko da momentu bat non gorputzeko alarmak piztuko zaizkigun: beldurrak, antsietatea, kezkak, urduritasuna, estresa eta abar. Horiek guztiak azaleratzea da gure gorputzaren abisua, barnealdeari kasurik egiten ari ez garela esaten diguna.  Gure erabakia izaten da begiak eta belarriak itxi eta aurrera jarraitzea.

“Baina zer egin dezaket horren aurrean edo nola entzun dezaket barneak dioena?” esaten didate askotan. Modu ezberdinak daude, besteak beste,meditazioa, bakardadean egon eta pentsatzea, norberaren jarreren inguruan hausnartzea, gorputzak bidaltzen dizkidan seinaleei arretaz erreparatzea eta lagungarri diren irakurketak egitea. Norberak bere modua bilatu behar du.

Askotan buruan bueltaka dabiltzan ametsak lortzeko lehen pausua horixe izaten da: gelditu, barnealdeak dioena entzun, hausnartu, benetan nahi duguna zehaztu eta ekin.

Egia da ez dela erraza egunerokotasuneko biribilgunetik irtetea. Baina hausnartzeko tarte bat hartu baduzu, lehenengo pausua egina daukazu, zorionak! Zailena egin duzu, eta hemendik aurrerakoa poliki-poliki pausu txikiak egiten joaten datza.

Guzti honen oinarria norberaren gaitasunaz ohartzea eta kontzientziatzea da. Izan ere, arazoak kanpoan daude, baina arazo horien konponbideak aldiz barnean daude. Zure baitan daukazu zure arazoen konponbidea, baita zure helburu eta ametsak lortzeko bidea ere. Eta badakit hori guztia kudeatzeko gaitasuna ere badaukazula. Guztiok daukagu.

“Nola jakingo dut erabakitako bidea zuzena den?” Jakingo duzu. Zure barnealdeak dioena entzuten ikastean berak esango dizu egiten ari zaren bidea zuri dagokizun edo beste norbaiten bidetik zoazen.Zure gaitasunen jabe zarenean izugarrizko indarra izango duzu. Buruak daukan indarra eta ahalmena ikaragarria da, bide onean jarriz gero edozer lortzeko gai da. Baina kontuz, bere kasa utziz gero edo kasurik egiten ez bazaio, edozer zapuzteko gai da baita ere.

Hemen dituzu galdera edo ariketa garrantzitsu pare bat:

Non eta noiz egingo duzu bizilagunen arteko bilera?Zer adierazten dizute orain zure bizilagunek?

0 comentarios

Dejar un comentario

¿Quieres unirte a la conversación?
Siéntete libre de contribuir

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *