LAGUNTZAILE PERTSONALA ZERTARAKO?

Askotan galdetzen didate eta nik ere galdetzen diot nire buruari laguntzaile pertsonal bat zertarako ote den, zer abantaila izango ote dituen. Hori mahai gainean jarri ondoren, lehenengo pentsamendua zera izaten da: laguntzailerik hoberena norbera da, dudarik gabe. Nork jakingo du norbere buruaz gehien? Norberak. Baina askotan ez dugu gure buruarekin zintzo jokatzen edo baldintzatuta egoten gara gure sinesmen, inguru edo egoerarekin.

Laguntzeko baliagarriak suerta daitezkeen hainbat tresna ere baditugu: inguruko lagunak, familia, tailerrak, ikastaroak, aldizkariak, liburuak, bideoak… Material asko dago gaur egun, beraz laguntza aproposa non lortu badago gure inguruan. Hala ere, bilaketa lan sakona egin behar da, eta ondoren zehaztasun handia behar da jasotako informazio guztia sailkatu eta egokia zein den hautatzeko.

Ondorioz, batzuetan kanpoko laguntza apur bat ondo etortzen da gure arazoak, ideiak, asmoak, ametsak eta helburuak ordenatzeko. Baita egiazkoak diren edo ez zehazteko ere, eta batez ere gure buruari galdera zintzoak egiteko. Galdera zintzoetatik aterako baitira erantzun zuzenak. Eta azken batean hori da gure helburua, ezta?

Guzti horrek zer abantaila dauzka edo zer lor dezakezu? Besteak beste, zure buruan bueltaka dabilena azaltzea, beste ikuspuntu edo iritzia jasotzea, zure sinesmen mugatzaileak identifikatu eta ezabatzeko aukera izatea, zure sentimendu eta emozioak modu egokian kudeatu eta zure alde jartzea, eta abar. Horren ondoren, pentsamendu desberdin eta argiagoekin, sentimendu eta emozioak ere argiagoak izango dira. Ondorioz, jorratuko dituzun ekintzak zuzenagoak eta zehatzagoak izango dira, eta emaitzak ere lehenago iritsiko dira. Horrela, lortu nahi duzun helburura eramango zaituen bidea ere argituko da.

Erantzuna zure barruan dago, erantzun hori zein den ezagutzeko bidea ere zuk daukazu eta zein bide hartu erabakitzea zure lana da.

Liburu honetan nire esperientzia kontatuko dizut, pertsonekin, taldeekin eta enpresekin ikasi dudana, nire eta beraien helburuak lortzeko erabilitako erramintak, prozesuak eta galderak azalduko ditut, horrela zure prozesua ere erraztu daitekeelakoan.

Nik nire prozesua egin behar izan dut eta oraindik ere bide horretan nabil. Nire ustez bizitza osoko lana da norberak bere burua ezagutu eta egin beharreko aldaketa txikiak egiten joatea, jarraitu nahi dugun norabidea zehaztuz. Eta zer ikasi dut ibilbide horretan zehar? Zoriontasuneko bidean egoteko maitasunez bizi behar dela, esker onekoa izateak bakea ematen duela, helburuak lortzeko pertsona desberdin batean bihurtu behar dela eta guzti hori norberaren esku dagoela. Zu eta zure jarrera bakarrik falta dira zure amestutako bizitza hori izateko. Ez da beharrezkoa inork zer egin behar dugun esatea, guk geuk nor garen ezagutzea besterik ez da behar, nahikoa da horrekin. Batzuk minutu bakar bat behar dute horretaz konturatzeko, beste batzuk bizitza osoa behar izaten dute, eta beste batzuk berriz 10 bizitza izanda ere ez lirateke konturatuko. Norberaren esku dago konturatu nahi izatea edo ez.

Nire lanean Coaching erramintak erabiltzea gustatzen zait, eta liburu honetan ere hala egin dut. PNL filosofia eta adimen emozionala aplikatzea ere gustuko dut, eta batez ere sena, sen ona (gaztelaniaz “sentido común” litzatekeena). Sen ona topatzen dugunean zailtasun asko konpontzen dira. Ez arazoa konpontzen dugulako, baizik eta arazoak berez garrantzia galtzen duelako.

PNL filosofia: arazoa ez da arazoa, arazoa da nik nola ikusten edo bizitzen dudan arazoa.

Askotan, behin eta berriz pareta beraren aurka jotzen aritzea saihesteko garrantzitsuena ikuspuntua eta ikusteko betaurrekoak aldatzea izaten da. Hau da, bizitzan daramagun karga samurtzea lortu behar da, ez etengabe karga gehiago sartzea. Azkenean, gure burua ezagutzea, guretzat egokiena zer den jakitea eta indarrak ondo sailkatzea da gure helburuak lortu eta bizitza atsegina izateko behar duguna.

Liburua 3 zatitan banatzea erabaki dut. Uste dut prozesu egokia dela aurrera pauso txikiekin bidea egiteko.

  1. Lehenengo zatia BARRURA BEGIRA da, eta bertan begirada bat emango diogu arreta osoz barnean daukagunari. Zati horri esnatzea deitzen diot. Horren bidez nor garen konturatuko gara, zer eta nola sentitzen dugun eta zein den gure egoera. Horretan oinarrituz egin beharreko hurrengo pausoak argitasunez hautatzeko aukera izango dugu.
  2. Bigarren zatia ZURE ALTXORRA EZAGUTU da, eta beste bi zatitan erdibituta dago. Lehenengoa kontzeptuak ezagutzean datza, hau da, gure burua mugatu eta indartzen duten baldintza garrantzitsuak ezagutu eta erabili ahal izateko. Bigarrena baliabideetan oinarritzen da, eta aurretik ezagututako kontzeptuak gure alde jartzeko erramintak dira.
  3. Hirugarren zatia ORAIN DA ZURE GARAIA da, martxan jartzeko zatia hain zuzen ere. Barrura begiratu, gure gaitasunak ezagutu eta hobetzeko arloak landu ondoren, gure helburuen bila joateko plana finkatu eta martxan jartzeko garaia da. Azken zati horrek ere bi pausu nagusi dauzka. Alde batetik, planifikatu. Zati honen oinarria non gauden eta nora joan nahi dugun argi izatea da, eman beharreko pausuak zehaztea eta noiz eta nola emango ditudan finkatzea. Bestetik, jardun. Zerbait lortu nahi badugu ezinbestekoa da martxan jartzea, egunerokotasuneko errutina edo erosotasunetik irten eta gauza berriak egiten hastea. Kasu honetan, aurretik planifikatutakoa betetzen hastea izango da helburua, nahi dugun horretara heltzeko. Pausu oso garrantzitsua da azken hori, eta pertsona asko dira gai izaten ez direnak. Askotan aipatzen dudan bezala, igeri egiten ikasteko uretara salto egin beharra dago. Teknika ikastea, ezagutzea eta gaiari buruz irakurtzea oso ondo dago, baina uretan sartzea ezinbestekoa da. Bizitzan ere gure helburuak lortzeko salto egin eta arriskatu beharra dago. Gauden lekutik atera eta bizitza berri bat sortu, baina ez kezkatu, ez beldurtu oraindik. Hemen izango dituzu beharrezko erramintak, azkenean salto hori konfiantza osoz egiteko.

Kapitulu bakoitzaren bukaeran ariketa edo galderaren bat jartzea erabaki dut irakurketa hausnarketa moduan erabiltzeko. Azkenean, irakurtzen goazen heinean, gure burua aztertu eta lanean joateko. Aldaketa zure barnean sortutakoa izango da, hau da,  zuk ikusitakoa, zuk ezagututakoa, zuk zeuk erabakitakoa. Ziur kanpotik ere aldaketa horiek antzemango direla, baina aldaketa nagusia zure barruan gertatuko da. Zuk zeuk zure buruarekin izango duzu aldaketa.

Badakit, kontziente naiz batzuetan harrigarria dirudiela diodanak. Badakit pertsona asko daudela guzti honetan sinesten ez dutenak. Ez nau harritzen, eta ez ditut kritikatzen, izan ere, ni ere horrelakoa nintzen nire aldaketa pertsonala egin arte eta emaitzak ikusi arte. Geroztik nirekin lan egin duten pertsona askotan ikusi dut aldaketa berdina, asko ikusi ditut leku ilun batetik atera eta leku atsegin batera bidea egiten. Konfiantza izatea bakarrik eskatzen dizut, zure burua eta bihotza irekita edukitzea aldaketa horiek antzemateko.

Uste dut pertsonak ezagutzen hasia naizela azken urteetan eta ziur naiz pertsona bakoitzaren barruan gaitasunez betetako izar dirdiratsu bat dagoela. Baita zure barruan ere. Ni ziur naiz, eta zu? Laguntzarik behar izanez gero, hemen egongo naiz zure zain.

Ondo izan.

0 comentarios

Dejar un comentario

¿Quieres unirte a la conversación?
Siéntete libre de contribuir

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *