SINESMEN INDARTZAILEAK SORTZEN

Gizarteak txikitatik erakutsi digu gure burua modu zehatz batean azaldu behar dugula, eta hori bete nahian nahastu egiten gara. Batzuk direna baino hobeak direla azaldu nahi dute eta beste batzuk berriz, direna baino eskasagoak agertzen dira.

Bi kasuetan alde batera uzten dute benetan zein diren.

Zein ona litzatekeen norbera den bezala azaltzea, bere osotasunean. Norbere gaitasun guztiekin agertzeko aukera izatea, norbera dagokion autoestimuarekin, ez gehiago ezta gutxiagorekin ere.Horretarako, beharrezkoa da gure buruarekiko ditugun pentsamendu eta aurreiritzi mugatzaileak ezabatzea eta sinesmen indartzaileak sortzea.Aitzakiak alde batera utzi behar dira eta orain arte lotuta mantendu gaituzten kateak apurtzea komeni da.

Gure buruarekiko maitasun apur bat agertzea besterik ez da falta, nork maitatu behar gaitu guk geuk baino gehiago? Historian zehar munduan lorpen handienak egin dituztenak beren buruarekiko maitasuna eta konfiantza osoa agertu izan dute, inoiz beren burua zalantzan jarri gabe. Gogoratu, besteak beste, Kalkutako Teresa, Gandhi eta Buda, aurrerapauso eta aldaketa garrantzitsuak lortu zituzten.

Nire buruarekin eta pertsona askorekin lan egin ondoren ikasi dut etsai bortitzena gure buru barruan dagoela, eta ez kanpoan.

Behin gure buruarekiko konfiantza indartzea lortzean eta seguru sentitzean, oso zaila izango da gure bidea egiten jarraitzea ekidingo duen oztoporik topatzea. Gogoratu beti, kanpoko lana egoki egin ahal izateko lehendabizi barruko lana menperatu beharra dagoela. Guztiok izugarrizko dohainak dauzkagu (zuk ere bai) norberebidea erabaki eta egin ahal izateko. Zure kasuan horrela ez bada ez bilatu kanpoan errudunik edo konponbiderik, izan ere, hori guztia zure barruan dago.

Bide onetik ote goazen antzematea erraza da,apur batez geratu eta gorputzak adierazten diguna entzuten badugu. Bakea eta lasaitasuna sentitzenbadugu bide onetik goaz. Ez bada hala, baliteke egiten ari garen bide hori ez izatea guztiz egokia. Garrantzitsua da beraz adi egon eta gorputzak adierazten digunariarretaz erreparatzea.

Autoestimu hitza aztertzen badugu, hitzak berak argi erakusten digu esanahia: “auto” + “estimu”. Hau da,  norberak bere buruarekiko daukan estimua. Ez ingurukoek gurekiko duten estimua, baizik eta guk geuk daukaguna. Gure buruarekiko ditugun pentsamendu eta sinesmenak. Ez daukagu inori ezer demostratu beharrik. Helburua norberaren bertsiorik hoberena lortzea izan behar da beti, baina ez inguruko inori ezer demostratzeko, baizik eta norbera bere buruarekin gustora eta harro sentitzeko.

Besteen balorazioen zain bagaude, beti eskean eta iritsi ezinik ibiliko gara. Onartzen bagaituzte ondo sentituko gara, baina ez bagaituzte onartzen lurra jo eta burumakur geldituko gara. Beti esperoan, aske izan ezinik.

Dudarik gabe guztioi gustatzen zaigu kanpoko onarpena edo txaloak jasotzea, niri ere bai, baina ezin gara horren menpe egon. Etortzen badira primeran, eta bestela gure bidea egiten jarraitu behar dugu,gure balioa txalo horien araberakoa izan gabe. Norberak badaki zenbat balio duen, inork esateko beharrik gabe.

Hainbat arlotan norberaren autoestimua agerian geratzen da: osasuna, dirua, erlazioak, familia eta lana. Nola ikusten dituzu zure bizitzako arlo horiek? Nola sentitzen zara? Zure barneak zer esan edo adierazten dizu horietako bakoitzean?

Sinesmen indartzaileak eta autoestimu sanoa dituena bakean bizi da, ez du besteen babesik behar, pentsatzen duena eta erabaki duen bizimodua askatasun osoz eta liskarrik gabe azaltzen ditu. Umiltasunez jokatzen du eta ez du bere burua inorekin konparatzen. Bere burua errespetatzen du, baina gainontzekoak ere errespetatzen ditu.

Azkenean, gure buruarekin liskarra daukagun bakoitzean konturatu behar gara ez garela gure burua maitatzen ari, ez dugula gure burua onartzen. Eta ez gara kontziente gure burua dela daukagun altxorrik preziatuena. Beraz, onartu eta maitatu zure burua merezi duen bezala, zaindu eta azaldu zaitez osotasunean, ezkutatu gabe.

Hemen duzu galdera garrantzitsu bat: Zertarako behar dut kanpoko onarpena, eta zer prezio ordaintzen ari naiz hori lortzeko?

0 comentarios

Dejar un comentario

¿Quieres unirte a la conversación?
Siéntete libre de contribuir

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *