SINESMENEN BOTEREA

Sinesmenen arabera sentitu eta jokatzen dugu, eta kode horretan oinarrituz hartzen ditugu erabakiak. Sinesmenak alde batetik gure ahalmena dira, baina beste aldetik gure freno ere bai.

Konturatu gabe ezartzen dira gure barnean: gure ingurua, noizbait esan ziguten hura, noizbait txalotu zigutena, noizbait aurpegiratu zigutena, eta abar. Bizitzako egoera guzti horiek ziztada txikiak uzten dituzte gure inkontzientean, eta apurka-apurka gure sinesmenak sortuz doaz. Baina, zenbatek jartzen ditugu zalantzan sinesmen horiek? Beste herrialde batean jaio izan banintz, beste familia batean, beste ingurune batekin, berdin pentsatuko nuke? Sinesmen berdinak izango nituzke? Eta ez banu berdin pentsatuko, ez nintzateke ni izango?

David Fischman idazle ospetsuak zioen: “Gure sinesmenak zalantzan jartzeko adorea behar da. Izan ere, baliteke bizitza osoan zehar okertuta egon izan garela onartu behar izatea”

Horregatik, sinesmenen arloa lantzeko egoera lasai eta umil bat behar da. Horrela, gure barnera begiratu eta orain arte zalantzan jarri ez ditugun pentsamendu eta sinesmenak zalantzan jarri ahal izango ditugu. Izan ere, orain arte askotan hainbat ideia ez ditugu zalantzan jarri “horrela direlako eta beti horrela izan direlako”. Guzti hori Wayne W. Dyer-ek ederki azaltzen digu bere “EL CAMBIO” liburu eta pelikulan. Bertan hainbat prozesu ikus ditzakegu, pertsona ezberdinak gelditu, pentsatu, ideiak proiektatu eta ekitera eramaten dituztenak.

SINESMENEN BOTEREA tailer honetan, nagusiki hiru bloke edo multzo nagusi landuko ditugu:

  • Barrura begira
  • Nola mugatzen naute nire sinesmenek
  • Zure buruarengan sinetsi

Hasteko, MAITASUN HANDIZ gure barnealdera begiratzeko tarte bat hartuko dugu. Izan ere, bere barnera begiratzen duena esnatu egiten da, baita orain arte ohartu gabeko gauzez ohartu eta sentitu ere. Gure barneko gurpila ezagutu ahal izango dugu. Honek lau egoera nagusi ditu:

  • Gure SINESMENEK, gure pentsamenduak sortzen dituzte.
  • Gure PENTSAMENDUEK, gure EMOZIOAK sortzen dituzte.
  • Gure EMOZIOEK, gure jarrerak sortzen dituzte.
  • Gure JARREREK, gure emaitzak sortzen dituzte.

Askotan uste dugu gure inguruko jendea edo egoerak aldatu behar direla gu zoriontsu izateko. Baina, alderantziz pentsatu behar dugu: “Zu zeu aldatzen bazara, guztia aldatuko da”.

Horretarako, egunero bizilagunen bilera bat egitea proposatu ohi dut. Bai, bizilagunen bilera bat. Nahiz eta askotan ez konturatu, gure barnean oso ezberdinak diren bizilagunak bizi dira:

  • GOIKO BIZILAGUNA (Burua/Arrazoimena).

Serio, koherente, beldurti, kontserbadore.

Jakintsua da, esperientzia dauka. Erraztasuna dauka arriskuak ikusteko.

  • BEHEKO BIZILAGUNA (Bihotza/Emozioak).

Alaia, ameslaria, ilusioz eta maitasunez betea.

Guztia polit ikusten du, maitatzea eta maitatua izatea du gogoko, gauza txikiak aintzat hartzen ditu.

  • ADMINISTRATZAILEA (Ni neu/Oreka)

Bizilagunek diotena entzuteko gaitasuna eta betebeharra dauka, kasu bakoitzean aukerarik egokiena aurkitzeko.

Horretarako, administratzaileak kontuan hartu behar ditu aukera horietako bakoitza eusten dituzten sinesmenak. Baita horien bidez sortutako emozio eta inguruak ere. Horrela, sinesmen horien jatorri eta ondorioak ezagutu ahal izango ditugu. EGOaren tranpan erortzen gara normalean, eta benetan garena ikusi beharrean, garena uste duguna ikusten dugu.

Behin puntu honetara heldu garela, gelditu, eroso jarri toki atsegin batean eta zure buruari ondorengoa galdetzea proposatzen dizut: NOR NAIZ? EZ niretaz esaten dutena. EZ zer egiten dudan. EZ zer daukaten. EZ zer jartzen duen nire aurkezpen gutunak. EZ nire lanpostua. EZ nire ardurak. EZ nire ikasketak. EZ, galdera beste hau da: NOR NAIZ? Zaila da, ezta? Eta zuk ez badaukazu argi nor zaren, nork jakingo du? Momentu batez gelditu eta barrualdera begiratzeak erantzuna topatzen lagunduko digu, eta horrela, sinesmen mugatzaile eta indartzaileak identifikatu ahal izango ditugu.

Bigarren zatia ez da errazagoa: SINESMENEK NOLA MUGATZEN GAITUZTEN JAKITEA. Behin nor garen eta zein sinesmen ditugun ulertzen hasi garela, mugatzen gaituzten sinesmenak identifikatu eta onartzen hasi behar dugu. Sinesmen horiek aldatu edo moldatzean bizitza zoriontsuago batera bideratu ahal izango gara.

Gure barneko gurpilaren jatorria gure sinesmenak dira, eta sinesmen horiek gehiago ezagutzera goaz. Norbaitek zerbaitetan sinesten badu, zuzenean zerbait hori egia delako egoera batean jartzen da. Egoki bideratutako sinesmenak zorionez betetako bizitza bat izateko tresnarik boteretsuenak dira. Sinesmen mugatzaileak aldiz, guretzako negatibo eta suntsitzaileak izan daitezke.

Guztiok ezagutzen dugu “plazebo efektua”. Gaixo batzuei elementu terapeutiko gabeko pilulak ematen zaizkie, eta askotan sortzen duten efektua benetako medikamentuen efektuaren antzekoa izaten da. Frogatuta dago sinesmenek indar handia dutela, eta aipatutako kasu horietan hain da handia indarra, gorputza egoera osasuntsu batera bideratzen dela. Nire seme-alabak txikiak zirenean, batzuetan minagatik edo atentzio faltagatik pilula edo ukenduren bat eskatzen zidaten. Horrelakoetan sakarina edo baselina ematen nien, eta min guztiak kentzen zizkien. Medikamentu bat hartu zutela uste zuten, eta hobeto sentitzen ziren.

Jaiotzen garenean gure disko gogorra hutsa eta garbia egiten da, sinesmenik gabe. Eta segituan hasten gara gure bizitza bideratuko duen artxibategia betetzen. Sortuko ditugun artxibo batzuk bizitzan zehar moldatu edo zakarrontzira botako ditugu, baina beste batzuk gure disko gogorrean instalatuko dira eta horietan oinarrituz bideratuko dugu gure bizitza. Hori aldatzeko, ezinbestekoa da disko gogorra hustu eta artxibo berriak instalatzea.  Hain zuzen ere gure bizitzako momentu zehatz horretarako egokienak diren artxiboak.

Argi dago norberaren jaioterri eta inguruak ere baduela zerikusia gure sinesmenetan. Zailagoa da garatze bidean dauden auzo marjinaletatik ateratzea, inguru aberats eta arrakastatsu batetik ateratzea baino. Aberats eta arrakastatsu esaten dudanean ez naiz ondasun materialez soilik ari, baita aberastasun espiritual eta balioei buruz ere. Esan bezala, norbera jaio eta bizi den ingurua da sinesmenak zehazteko faktore garrantzitsuenetako bat, baina ez bakarra. Zorionez, badago jendea inguru hori alde batera uzteko gaitasuna izan duena, beren errealitatea zalantzan jarri eta eurek erabakitako norabidera bideratu direnak, eurek erabakitako sinesmen berriekin.

Aurretik aipatutako guztia argi ikus daitekeen pelikula bat gomendatzea gustatuko litzaidake: “EN BUSCA DE LA FELICIDAD”. Bertan ikus daiteke, bizitzako egoerak aldera batera utzita gizon bat nahi duen tokira iristen dela, beregan sinesten duelako. Eta pelikulako une batean bere semeari ondorengo aholkua ematen dio: “Ez utzi inori zerbaitetarako gai ez zarela esaten, ezta niri ere. Ametsen bat baduzu, mantendu egin behar duzu. Zerbait nahi baduzu, joan zaitez bila. Izan ere, norbere ametsak betetzeko gai ez denak normalean gainontzekoei ere gai ez direla esaten die”

Prozesuaren azken zatia BAKOITZAK BERE BURUARENGAN SINESTEAri dagokio. Begiratu dugu barrura, gehiago ezagutzen gara, identifikatu ditugu gure sinesmenak eta gure bizitzan nola eragiten duten ere ikusi dugu. Orain ikusi behar duguna da sinesmen horietatik zeintzuk diren onuragarriak eta zeintzuk frenatzen gaituzten. Zeintzuk egiten duten bat gure gaur egungo balioekin eta zeintzuk mugatzen gaituzten, gure garapen pertsonala ekidinez. Mundu honetan gauza guztiak bi aldiz sortzen dira, lehenengo garunean eta ondoren kanpoan. Enrry Ford-ek zioen moduan: “Ahal duzula edo ezin duzula uste baduzu, bi kasuetan arrazoi duzu”.

Zure buruarengan sinestea lehen pausuaren aurreko pausua da, eta horretarako hiru oinarrizko pausu izan behar ditugu kontuan:

  • Zure buruarekiko dituzun sinesmen faltsuak ezabatu. Gainontzekoek zarena edo izan beharko zenukeena esan dizutena.
  • Sentitu, emozioak bizi, amets egin.
  • Zure sinesmen berriak aukeratu, eta bide horretan lagunduko dizuten kideak hautatu. Suziriak hautatu.

Ditugun muga guztiak gure barnean sortu dira, ez datoz kanpotik. Eta zorionez, beti izango dugu sinesmen eta muga horiek aldatzeko aukera. Horretarako:

  • Ahaztu berriro ikasteko

Hau da, jarrera edo ekintza berdinekin jarraitzen badugu emaitza berdinak lortuko ditugu, baita emaitza okerragoak ere. Beharrezkoa da gure sinesmen eta jokamoldeak aldatzea. Hori egiteko gai diren pertsonengandik ikasi beharko dugu, guk ere nahi ditugun emaitzak lortzeko. Hala ere, helmuga horretara iritsi ahal izateko atzean utzi beharko ditugu sinesmen zaharrak, kalte egiten diguten sinesmenak.

Berdina gertatzen da arropa berria erosi eta armairuan sartzen ez zaigunean. Guztiok nahi dugu armairua momentu horretan gogoko dugun arropaz beteta egotea, baina horretarako ezinbestekoa da arropa zaharrak armairutik atera eta berriarentzako tokia uztea.

  • Sinetsi ikusteko

Orain arte entzun dugun esaldia “ikusi sinesteko” da, eta tailer honen ondoren egin beharko dugun lehen gauza esaldi hori aldatzea izango da: “SINETSI IKUSTEKO”.

Orain da momentua indartsu eta motibaturik gure burua berritzeko. Zailtasunak gainditu eta sinetsi behar dugu lortuko dugun hori dela orain arte amestu duguna. Baliteke azken pausu honek presioa sortzea, izan ere, orain akatsen bat eginez gero aurreko lan guztia pikutara joango litzateke. Baina argi izan behar dugu aldaketa bat egitera goazela, eta konfiantza izan behar dugu bukaeran lortuko dugun hori dela guk nahi duguna, gure ametsa.  Horrela bakarrik arriskatu ahal izango gara. Horixe izango da gure motibazioa aurrera egiteko, amets egiteko, amorerik ez emateko, bidean bizi izandakoa baloratu eta borrokan jarraitzeko.

  • Zertarako

“Maitatu ezazu egiten duzuna, eta egin ezazu maitatzen duzuna”. Hori bezain sinplea. Adorea behar da hemendik aurrera gure sinesmenak zein izango diren zehazteko, baita betiko sinesmenetan oinarritu beharrean gure sinesmen propioetan oinarrituz jarduteko ere. Izan ere, gure sinesmen horiek zalantzan jarriko dituzte gizarteak eta gure inguruak, hainbat traba jarriko dizkigute aske izatea erabaki izanagatik eta gure kabuz pentsatzeagatik. Baina pentsatzeko askatasuna eta sinesmen propioak izateko askatasuna horren da handia eta atsegina, ezin ditugula askatasun horiek momentu bakar batez ere ukatu.

Zure bizitza eta zure mundua aldatu nahi badituzu, ezin zara besterik gabe eserita egon eta nahigabetu. Egin ezazu zerbait, aurkitu ezazu guzti hau aldatzeko zure arrazoia, galde iezaiozu zure buruari: zertarako? Ez zaitez geldirik gelditu ondorengo esaldiekin zure burua engainatuz: “agian gauzak bakarrik konponduko dira”, “agian hemendik aurrera hobeto joango zaizkit gauzak”, eta abar. Jarri itzazu zalantzan orain arte zure inguru soziala mugatu duten sinesmen horiek. Ausartu zaitez zure barneko ahots hori entzuten. Bilatu zure talentu eta gaitasunak, bokazio eta ametsak. Jarrai ezazu zure bidea, baina zurea eta ez beste inorena. Eskaini gainontzekoei zure bertsiorik onena. Eta batez ere, gozatu bizitza.

  • Sinplea baina ez erraza

“Bizitza osoa pasa nuen inoiz gertatu ez ziren gauzengatik kezkatzen”. Batzuetan bizitza konplikatzen diogu gure buruari, guk geuk, beste inoren laguntzarik gabe. Askotan arazoak aurkitzen dizkiegu konponbideei.

Sinplea dela esaten dut, burua programatzea delako. Instalazioa berriro egitea, itzali eta berriro piztea. Inork ez du psikologo batengana joan beharrik sinesmenak aldatzera, gure lana da. Gure orain arteko sinesmenak zalantzan jarri, eta momentu zehatz honetan onuragarriak direnekin geratzea da. Sinplea bai… baina ez da erraza, onartzen dut. Lana eta jarraitasuna behar dira, baita zer nahi dugun eta nola lortu nahi dugun argi izatea ere. Eta, batez ere, beharrezkoa da pertseberantzia gure bizitzeko eran, pentsatzeko eran, eta sentitzeko eran.

Sinesmenak aldatzeko ideiak argi izan behar ditugu, eta asko saiatu behar gara. Izan ere, sinesmen horietako gehienak gure buru barnean ezarrita egon dira urte luzez. Hala ere, ziur naiz gai zarela zure burua energia berezi batez hornitu eta edozein egoera bidaia liluragarri eta gozagarri batean bihurtzeko.

Ziurrenik hainbat gauza, sentsazio eta sentimendu aurkitu dituzu zure barnean. Orain da errealitateari aurre egiteko unea, ekintzara igarotzeko unea, munduari bihurtu zaren pertsona berri hori erakusteko unea, zure sinesmen berrietan oinarrituz bizitzeko unea. Zure buruari apur bat gehiago exigitzeko garaia da, onartezinak diren gauza horiek ez onartzeko garaia, barnean izkutatuta zenuena kanporatzeko garaia. Zure buruarekin konprometitu eta noraino heltzeko gai zaren ikusteko momentua iritsi da.

Bidai ona izan, bidean zehar ikusiko dugu elkar.

0 comentarios

Dejar un comentario

¿Quieres unirte a la conversación?
Siéntete libre de contribuir

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *