Entradas

ALDAKETA PERTSONALA BIRIBILGUNETIK ATERATZEKO

Krisi egoerek beti aukera berriak eskaintzen dituzte. Hau da, krisialdia aldaketa da, eta aldaketek beti sortzen dituzte aukera berriak. Betiere gure jarrera egokia bada, noski.

Horren aurrean nire proposamena aldaketa pertsonala da. Egoerarekin borrokan ibili beharrean, egoera egokitu eta gure aldeko ahal den etekin handiena lortzea. Horretarako adimen emozionala izatea eta bere baitan jokatzea beharrezkoa da, eta horrek errespontsabilitatea eskatzen du.

Azken urteetako egoera lasai eta komodoak, kontsumismoak, diru errazak eta abarrek narkotizatu egin gaituzte. Norberaren indarra eta gaitasunak estali eta ardien moduan jokatzera ohitu gara, eta ahaztu egin zaigu lehoiak garela, badugula zailtasunetatik ateratzeko gaitasuna.

Jende asko da krisialdia pasa eta lehengo egoera noiz bueltatuko den zain geratzen dena. Baina konturatu behar gara ez dela bueltatuko,eboluzioa etengabeko da, egoera berri batean sartu gara eta zenbat eta azkarrago moldatu egoera horretara hobe. Aldatzeko garaia da, eta aukera ederra daukagu aurrean askatasunez, errespontsabilitatearekin eta bizitzari zentzua emanez bizitzeko.

Aurrera begiratzeak askotan beldurra sortarazten digu, baita estresa ere. Gure bizitzan egin ditugun aurrerapauso nagusienek ziur kezka eta beldurra eragin zigutela bere momentuan, eta seguruenik gaur egun erabaki horietaz oso harro gaudela. Esaterako, ikasketak erabaki, lagunak aukeratu, ezkondu, seme-alabak izatea erabaki, etxea erosi, lanez aldatu, eta abar.

Erabaki zailen bat hartzeko momentuan lehoi baten moduan jokatzen al duzu, edo kikildu egiten al zara? Nola sentitzen zara erabaki zail horiek hartu ondoren? Zu zeu sentitzen al zara momentu horretan?

Lehen esan dugun bezala, oso ohikoa da etorkizunarekin kezkatuta eta iragana burutik kendu ezinik egotea. Baina modu horretan esku artean dugun oraina bizitzeari uzten diogu, eta horixe da daukagun bakarra, oraina. Iragana pasa da, eta etorkizuna ez dakigu iritsiko den. Orain dugu aukera gure etorkizuna idazteko eta martxan jartzeko, gaur landatzen duguna izango da bihar fruitua emango duena.

Martxan dauden pertsonak ilusioz beteta egoten dira. Ez dakite zer etorriko den gero, baina argi daukate nolako bizitza nahi dute, argi dauzkate helburuak, eta hori lortzeko lanean dihardute. Hori norberaren errespontsabilitatea da, norberaren esku dagoen zerbait da. Ezin da politiko, irakasle, guraso edo beste edonorrengan eskuordetu.

Norberaren esku dago norbere etorkizuna gaur bertan idazten hastea. Horretarako garrantzitsua da helburuak eta eman beharrezko pausuak ezagutu eta argi izatea. Izan ere, nora goazen jakinda errazagoa da bideari ekitea. Egin beharreko hori dena delakoa dela ere, jarri gaitezen martxan eta ekin diezaiogun bideari.

Beraz, hausnarketarako momentu egokia da. Hainbat arlo azter ditzakegu: nola irabazten dugu dirua eta nola gastatzen dugu, zer baliabide dauzkagu eta nola erabiltzen ditugu, nolako bizitza daukagu eta nolakoa izatea gustatuko litzaiguke, nola sentiarazten gaituzte dauzkagun erlazioek, eta abar luze bat. Arlo guzti horietaz kexaka ibiltzeko ohitura daukagu (lana, bikotea, seme-alabak, lagunak, familia, politikoak…). Nire galdera ondorengoa da: Nork aukeratu du hori guztia? Guk geuk. Eta orduan, nor da erruduna? Errazena gure erruak eta ezinegonak gainontzekoei leporatzea da, eta zaila suertatzen zaigu gure bizitzaren jabe izatea.

Esan bezala, oso garrantzitsua da helburu bat izatea eta gaurtik hasita pauso txikiak ematea helburu hori lortzeko.Arabiar esaera zahar batek zera dio:“zerbait nahi duenak bilatuko du modua, beste guztiek berriz aitzakiak bilatuko dituzte”.

Liburu hau bere bizitzaren gidaritza hartu nahi duten pertsonei zuzenduta dago. Bakoitzaren egoerak, aldaketak eta erabakiak norberaren fruitu izan behar dute, norberak izan behar du bere bizitzaren gidari, eta jarrera horrekin jokatzeak abantaila ugari eskaintzen ditu. Adibidez, norbere bizitzaren errespontsabilitatea hartzea, autoestimua lantzea, norberak erabakitzea aldaketak eta ez alderantziz, bizitzaz gehiago gozatzea, osasuntsuago egotea, negar gutxiago eta barre gehiago egitea, eta abar.

Zorionez,egunetik egunera beren bizitzaren jabe diren pertsonen multzoa handitzen ari da, modan jartzen ari da norberak bere buruaren ardura izatea. Baita norberak bere bizitza lantzea eta ingurukoei laguntzea ere. Bizitzak azkenean langileak goraipatzen ditu, eta ez aitzakiatan itotzen direnak.

Hemen duzu galdera garrantzitsu sorta bat: Zure esku dagoen zer aldatuko zenuke zure bizitzan? Zein litzateke egoera egokiena? Zergatik ez duzu oraindik aldatu? Zer pauso eman ditzakezu aldaketarako? Noiz hasiko zara?

SINESMEN INDARTZAILEAK SORTZEN

Gizarteak txikitatik erakutsi digu gure burua modu zehatz batean azaldu behar dugula, eta hori bete nahian nahastu egiten gara. Batzuk direna baino hobeak direla azaldu nahi dute eta beste batzuk berriz, direna baino eskasagoak agertzen dira.

Bi kasuetan alde batera uzten dute benetan zein diren.

Zein ona litzatekeen norbera den bezala azaltzea, bere osotasunean. Norbere gaitasun guztiekin agertzeko aukera izatea, norbera dagokion autoestimuarekin, ez gehiago ezta gutxiagorekin ere.Horretarako, beharrezkoa da gure buruarekiko ditugun pentsamendu eta aurreiritzi mugatzaileak ezabatzea eta sinesmen indartzaileak sortzea.Aitzakiak alde batera utzi behar dira eta orain arte lotuta mantendu gaituzten kateak apurtzea komeni da.

Gure buruarekiko maitasun apur bat agertzea besterik ez da falta, nork maitatu behar gaitu guk geuk baino gehiago? Historian zehar munduan lorpen handienak egin dituztenak beren buruarekiko maitasuna eta konfiantza osoa agertu izan dute, inoiz beren burua zalantzan jarri gabe. Gogoratu, besteak beste, Kalkutako Teresa, Gandhi eta Buda, aurrerapauso eta aldaketa garrantzitsuak lortu zituzten.

Nire buruarekin eta pertsona askorekin lan egin ondoren ikasi dut etsai bortitzena gure buru barruan dagoela, eta ez kanpoan.

Behin gure buruarekiko konfiantza indartzea lortzean eta seguru sentitzean, oso zaila izango da gure bidea egiten jarraitzea ekidingo duen oztoporik topatzea. Gogoratu beti, kanpoko lana egoki egin ahal izateko lehendabizi barruko lana menperatu beharra dagoela. Guztiok izugarrizko dohainak dauzkagu (zuk ere bai) norberebidea erabaki eta egin ahal izateko. Zure kasuan horrela ez bada ez bilatu kanpoan errudunik edo konponbiderik, izan ere, hori guztia zure barruan dago.

Bide onetik ote goazen antzematea erraza da,apur batez geratu eta gorputzak adierazten diguna entzuten badugu. Bakea eta lasaitasuna sentitzenbadugu bide onetik goaz. Ez bada hala, baliteke egiten ari garen bide hori ez izatea guztiz egokia. Garrantzitsua da beraz adi egon eta gorputzak adierazten digunariarretaz erreparatzea.

Autoestimu hitza aztertzen badugu, hitzak berak argi erakusten digu esanahia: “auto” + “estimu”. Hau da,  norberak bere buruarekiko daukan estimua. Ez ingurukoek gurekiko duten estimua, baizik eta guk geuk daukaguna. Gure buruarekiko ditugun pentsamendu eta sinesmenak. Ez daukagu inori ezer demostratu beharrik. Helburua norberaren bertsiorik hoberena lortzea izan behar da beti, baina ez inguruko inori ezer demostratzeko, baizik eta norbera bere buruarekin gustora eta harro sentitzeko.

Besteen balorazioen zain bagaude, beti eskean eta iritsi ezinik ibiliko gara. Onartzen bagaituzte ondo sentituko gara, baina ez bagaituzte onartzen lurra jo eta burumakur geldituko gara. Beti esperoan, aske izan ezinik.

Dudarik gabe guztioi gustatzen zaigu kanpoko onarpena edo txaloak jasotzea, niri ere bai, baina ezin gara horren menpe egon. Etortzen badira primeran, eta bestela gure bidea egiten jarraitu behar dugu,gure balioa txalo horien araberakoa izan gabe. Norberak badaki zenbat balio duen, inork esateko beharrik gabe.

Hainbat arlotan norberaren autoestimua agerian geratzen da: osasuna, dirua, erlazioak, familia eta lana. Nola ikusten dituzu zure bizitzako arlo horiek? Nola sentitzen zara? Zure barneak zer esan edo adierazten dizu horietako bakoitzean?

Sinesmen indartzaileak eta autoestimu sanoa dituena bakean bizi da, ez du besteen babesik behar, pentsatzen duena eta erabaki duen bizimodua askatasun osoz eta liskarrik gabe azaltzen ditu. Umiltasunez jokatzen du eta ez du bere burua inorekin konparatzen. Bere burua errespetatzen du, baina gainontzekoak ere errespetatzen ditu.

Azkenean, gure buruarekin liskarra daukagun bakoitzean konturatu behar gara ez garela gure burua maitatzen ari, ez dugula gure burua onartzen. Eta ez gara kontziente gure burua dela daukagun altxorrik preziatuena. Beraz, onartu eta maitatu zure burua merezi duen bezala, zaindu eta azaldu zaitez osotasunean, ezkutatu gabe.

Hemen duzu galdera garrantzitsu bat: Zertarako behar dut kanpoko onarpena, eta zer prezio ordaintzen ari naiz hori lortzeko?

BIRZIKLATZEKO GARAIA DA

Uda giroan sartu berri gara eta momentu egokia da atseden hartu eta gure barnealdea birziklatzeko. Urtean zehar gauza berriak egin eta ikasten saiatzen gara, berritasun horretan zerbait hobea lortuko dugulakoan. Baina batzuetan komenigarria da apur batez geratu, barruan daukaguna berreskuratu, gure buruarekin kontaktuan jarri eta norbere buruarekin bakeak egitea.

Lehenago ere askotan aipatu izan dut “kontziente” hitza. Edozein aldaketa aurrera eramateko ezinbestekoa da kontziente izatea, eta galderen bidez norbere kontzientzia horretara hurbiltzen saiatzen gara erabaki egokienak hartzeko helburuarekin.

Gaurkoan urtearen errepaso txiki bat egin nahi dut, ikusteko ea norbera kontziente izateko zenbat gauza aipatu ditugun eta horietako zenbat jarri ditugun martxan:

· PLAN BAT IZAN. Zein garrantzitsua den  gure bizitzarako. Plana edo helmuga  argi badaukagu errazago iritsiko gara nahi dugun leku horretara. Udako oporrak bezala, adibidez: nora joan nahi dugun badakigu eta mapa bat badaukagu, bidea jarraitzea besterik ez da geratzen, lehenago edo beranduago iritsiko gara.

· SINESMENAK ZALANTZAN JARRI. Gure sinesmenen arabera izango gara  gai  edo ez gai. Gure sinesmenek mugatzen gaituzte gehienetan edozein helburu lortzeko garaian. Askotan komenigarria da gure buruaren pentsamoldea aldatzea. Henry Ford-ek aspaldi esan zuen moduan:

“Gai zarela pentsatzen baduzu edo gai ez zarela pentsatzen baduzu, bi kasutan arrazoi izango duzu”

· BELDUR NAIZ. Beldurra da gure buruarentzat beste freno nagusienetako bat. Beldurrak atzera bultzatzen gaitu eta askotan ez digu buruan edo bihotzean daukagun hori egiten uzten. Lagungarri da egunero beldurra sentiarazten digun zerbait egiten saiatzea. Ez du beste munduko ezer izan beharrik, gauza txikiak izan daitezke. Eta hori egiteko gai bagara, laster izango dugu konfiantza gehiago gure buruarengan.

· NI HORRELAKOA NAIZ. Hainbeste errepikatzen dugun esaldi hau ere gure beldur eta sinesmen mugatzaileen seinale argia da. Inor ez da “horrelakoa”. Horrelakoak bihurtu gara komeni zaigulako, eta askotan ez dugu aldatzeko intentziorik. Baina guztiok alda dezakegu izaera, baita zuk ere.

· MOZORROAK KENDU. Bizitzan zehar askotan mozorrotuta joaten gara. Lekuan lekuko mozorroa, momentu oro egoki datorkigun mozorroa. Batzuetan mozorro arinak eramaten ditugu eta ez digu karga gehiegirik suposatzen, baina bestetan izugarrizko mozorroak jantzita joaten gara, benetan gu garena guztiz estali eta alde batera utzita.

Mozorrotzearen arrisku nagusiena mozorroarekin bat egitea da eta azkenean gu benetan zein garen ahaztea. Zaila izan daitekeen arren, garen bezala azaldu gaitezkeenean lasaitasuna eta bakea lortuko dugu gure buruarekin, inongo mozorrorik janzteko beharrik gabe. Saiatu mozorrorik gabe bizitzen.

· ZORTEA EDO ZORTE ONA. Zortearen kontua ere norberaren lana da. Zortea noiz etorriko zain egon gaitezke ezer egin gabe, edo zorte onaren bila joan gaitezke lehen aipatutako planarekin eta gure beldurrak eta sinesmenak gaindituz. Azken batean jarrera kontua da. Zortearen bila goazenean ez dakigu ziur aurkituko dugun, baina ziur jorratutako bidea askoz ere aberatsagoa izango dela, eta baliteke bilatzen ari garen hori aurkitzea ere.

· ARAZOAREN PARTE EDO KONPONBIDEAREN PARTE. Hau ere, zortea bezala, norbere jarreraren araberakoa da. Gure inguruan maiz ikusiko dugu egun guztia kexaka igarotzen duen jendea. Horrelako pertsonentzako dena egoten da gaizki eta beti ingurukoen errua izaten da. Ez dute inongo konponbiderik proposatzen, soilik gainontzekoena  kritikatzen dute. Horiek arazoaren parte lirateke.

Beste aukera, konponbidearen parte izatea da: gauzak egiten saiatu, konponbideak proposatu eta aurrera eraman, ingurukoei lagundu, eta abar. Askotan nahastuko dira, eta noski, ez zaie saiatutako guztia nahi bezala aterako, baina batzuetan asmatzen dute edo gauza ikaragarriak egiten dituzte. Horrela, beren buruarentzat zein ingurukoentzat onura izugarria lortzen dute. Beraz, kasu honetan ere norberaren esku dago zein aldetan jarri.

· KENDU BIDEKO HARRIAK. Bizitzak berak nahikoa harri jartzen dizkigu bidean eta nahikoa lan daukagu harri horiek gainditzen. Beraz, zertarako jarri harri edo oztopo gehiago?

Beti daukagu inguruan egun osoa kexaka igarotzen duen norbait, humore txartua, guztiaren alde txarra ikusten duena, goiz eguzkitsua ikusita ere arratsaldean euria egingo duela esaten duena.  Horrelakoa zarela uste baduzu,  esan “nahikoa!” zure buruari eta aldatu zure jarrera gaurtik hasita. Zure onerako izango da, baita  ingurukoentzako ere. Inguruan horrelakoren bat baduzu, berriz, kontuz. Ihes egin lehenbailehen, berun zatiak bezalakoak baitira, eta beraiekin batera ondoratuko zaituzte. Sailkatu nolako pertsonak nahi dituzun zure alboan, argia pizten dutenak edo iluntasunean gustura daudenak.

· ZEIN AURPEGI JANTZIKO DUT. Beste behin ere, norberaren jarrera kontua. Egunero etxetik atera aurretik aukeratzen dugu zein arropa jantzi, nola orraztu eta zer itsura azalduko dugun gainontzekoen aurrean, baina gutxitan egiten dugu geldialditxo bat gure jarrera nolakoa izango den erabakitzeko: alaitsua, borondate onekoa, lagunkorra, gertukoa, …  Hori guztia ere gure esku dago. Lehen aipatu bezala, ezin dugu esan “ni horrelakoa naiz” eta momentuan pentsatu gabe barrutik ateratzen zaiguna askatu. Erabaki dezakegu zer askatu nahi dugun, loreak edo gorotza.

· ARRAZOIA NIK DUT. Gure arrazoiarekin bueltaka beti. Bakoitzak bere arrazoia duela ikasten dugunean, eta norberak arrazoi hori izan eta defendatzeko eskubidea duela onartzean, izugarrizko bakea lortzen dugu gure buruarekin.

Bakoitzak bere ikuspuntuaren araberako arrazoia daukagu, eta egokiena litzateke jakitea nik nire arrazoia badudala, baina gainontzekoen arrazoiak entzuteko irekita edo prest egotea gutxienez. Beraz, edozein arlotan ez bagara adostasunera iristen, interesagarria da onartzea “ados gaudela ez garela adostasunera iritsi”.

· GOZATU ETA OPARIAK EGIN. Komenigarria da gure inguruan dagoen guztiaz gozatzen ikastea: eguzkia, haizea, euria, lurra, musika, isiltasuna, itsasoa, mendia, irakurketa, usainak… Hainbat doako gauza dauzkagu egunero gure inguruan eta askotan konturatu gabe pasatzen dira, edo ez ditugu baloratzen. Bestalde, opariak egiten jakitea ere garrantzitsua da: hitz goxo bat, besarkadak, muxuak, eskutitzak, txalo bat, bisita bat, eta abar. Doakoak diren detaile txiki/handi horiek edonork opari bezala jasoko lituzke.

Bi joera horiek ere gure esku daude ,eta aurretik aipatu bezala beharrezkoa da gelditu, norbere barrura begiratu eta erabakitzea nolako jarrera izan nahi dugun.

Uda momentu egokia da eguneroko erritmotik atera eta hausnartzeko nola jokatuko dugun gure buruarekin zein gainontzekoekin. Ez galdu aukera, ez baitakigu noiz izango den azken aukera, eta hemen gaudenez, aprobetxa dezagun uda eder bat igarotzeko, barruan dugun gauza pila hori berreskuratu eta birziklatzeko, eta gure buruarekin gustura egoteko. Hori da lehen urratsa, norbera bere buruarekin gustura egotea, izan ere “daukazuna ematen dugu, ez daukaguna ezin dugu eman”.

Betiko lez: Sinplea. Ez erraza, baina bai sinplea.

PELIKULA: TOCANDO EL VACIO

LIBURUA: UN LUGAR LLAMADO DESTINO (Javier Iriondo)

Ni horrelakoa naiz. Edo ez?

Ez gutxietsi zure burua “horrelakoa naiz“ esanez. Orain arte zure buruak nola pentsatu duen eta zure ekintzak nolakoak izan diren zuk zeuk sortutako sinesmenen ondorioa da. Baina zu ez zara sinesmenek kontrolatzen duten pertsona hori, hori zarena uste duzuna da. Egokiagoa da esatea “Ni horrelakoa izaten ari naiz baina alda naiteke”. Goizero duzu aukera nolakoa izango zaren erabakitzeko eta aukeraketa kontzienteki egin dezakezu.

Zurekiko dituzun sinesmenak aldatuz zure autoestimua eta konfiantza hobe ditzakezu.Ez da erraza urteetan zehar gure buruan finkatu diren sinesmenak aldatzea, txikitatik gu nola garen esan diguten hori aldatzea. Seguruenik zure buruarekiko duzun ikuspuntua besteek zugan ezarritakoa da. “Ni horrelakoa naiz” esaten dugunean “horrelakoa naizela esaten dute” adierazten dugu.Nahiz eta egia den txikitatik sinesmenak barneratzen ditugula, horrek ez du esan nahi haiekin kargatu behar dugunik bizitza guztian zehar. Are gehiago, entrenamendu piska batekin alda daitezke.

Lehendabiziko lana zure burutik “ni horrelakoa naiz” esaldia kentzea da, bai adiera positiboa zein negatiboa.

Zuk erabakitzen duzu nolakoa izan nahi duzun, ez da geneetan idatzita datorren ezer, ezta zure familia, ingurune edo lurraldearen araberako ezer. Zure esku dago zure bertsiorik onena zein den erabakitzea eta hori lortzeko lanean hastea.

Ezagutzen ditut pertsonak seme-alabei edo bikoteari modu txarrez hitz egiten diotenak eta “ni horrelakoa naiz” esanez justifikatzen dutenak. Baita bikotea beste norbaitekin ikusi eta haserretzen direnak eta “ni horrelakoa naiz” esanez egoera bidezkotzen dutenak ere. Badira ere inoiz esker edo maitasun keinurik adierazten ez dutenak “horrelakoak direlako”. Guztiok daukagu koadrilan bere buruarekin gustura egoteko gainontzekoei barre egin behar diena, eta “horrela delako” onartzen dugu.

Pertsona horiek guztiak egunen batean horrela izatea erabaki zuten, eta ingurukoek horrelakoak direla onartu dute. Baina nik ezin dut onartu “ni horrelakoa naiz” horregatik dena justifikatzea, izan ere, nahi izanez gero alda ditzakete jarrera horiek. Baina aldatu ahal izateko lehenengo pausua aldatu nahi izatea eta aldaketan sinestea da, eta hor egoten da askotan arazoa.

Askotan berdin jarraitzeko arrazoi bakarra lotsa eta ingurukoek ez onartzeko beldurra izaten da. Barneratuak dauzkagun sinesmen batzuk izugarrizko zama izan daitezke gure bizitzarako. Pentsamendu horiek toxikoak eta mugakorrak dira, eta gure autoestimua gutxitzen dute. Zer egingo zenuke esango banizu egin nahi dituzun aldaketak egin eta nahi duzun bidea hartzeko klik bat soilik nahikoa dela? ZUK sortu duzu zaren guztia, beraz, ZUK sortu dezakezu ZU berri hori, zure esku dago eguneroko egoerak eta jarrerak kudeatzea.

Programazio neurolinguistiko edo PNL-n ondorengo esamoldea asko erabiltzen da: “mapa ez da lurraldea”. Horrek esan nahi duena da ikusten dugun kanpoaldeko mundua ez dela egiazko mundua, bakoitzak bere pentsamendu eta ikuspuntuekin eginiko interpretazio bat besterik ez da. Bestela, guztiok berdina ikusi eta sentituko genuke, eta ez da hala.

Orduan, zergatik ez dugu gure burua modu hobe batean irudikatzen eta ez gara ikuspuntu horrekin bizitzen?Zenbat pertsona ezagutzen ditugu izugarrizko gabezia fisiko edo psikologikoekin, “ni horrelakoa naiz” pentsatzeari uko egin diotenak eta sinestezinak diren gauzak lortzen dituztenak? Egunero guztiontzako eredudira pertsona horiek.

Zenbat pertsona ezagutzen ditugu bere bizitzan zehar era batekoak izan direnak eta esperientzia zehatz bat pasa ondoren (mingarria gehienetan) guztiz aldatzen direnak eta beste era batera jokatzen dutenak? Errazagoa da sinesmen berri bat sortzea eta egunero lantzea, “ni horrelakoa naiz” esan eta bizitza guztian zehar karga hori eramatea baino.

Argi izan behar dugu norbera ez dela bere jokaera. Jokaera beti alda dezakegu nahi izanez gero. Bai, BETI.

Guzti hori aurrera eraman ahal izateko beharrezkoa da norberak bere buruarekiko distantzia piska bat hartzea, identifikatzea zein diren pentsamolde eta sinesmen mugatzaileak, eta erabakitzea horietako zeintzuk aldatu behar diren norberaren bertsiorik onena azaltzeko.

ARIKETA:

Hartu papertxo bat eta idatzi zer jokaera edo pentsamolderekin ez zauden gustura zure egunerokotasunean. Alboan idatzi ezazu nolakoa izatea gustatuko litzaizukeen. Eta azkenik har ezazu tarte bat hausnartzeko.

LIBURUA: 20 pasos hacia adelante (Jorge Bucay)

PELIKULA: Pequeñas mentiras

ABESTIA: Voy a vivir (El sueño de Morfeo)

ALDAKETA PERTSONALA: IZAN ZAITEZ ZU BERRI BAT

Bizitza berri edo desberdin bat nahi badut, pertsona berri edo desberdin bat izan behar dut.

Ez dago beste biderik, segituan konturatuko zara. Gauza berriak lortzekotan, gauza berriak egin behar dira. Desberdin sentitzekotan, desberdin pentsatu behar da. Horixe da bizitzaren leloa. Jende asko da beren egoera aldatzeko bizitza aldatzeko zain geratzen direnak, ingurukoak aldatzeko zain egoten direnak beren zoriontasuna lortzeko. Baina da ez horrela. Ingurukoa aldatzeko zain bagaude, ingurukoen bizitzako parte izango gara, eta ez gu geure osotasunean.

Lehen aipatu bezala: lehenik sinesmenak, gero pentsamenduak, ondoren emozioak eta azkenik jarrerak. Zentzu horretan egin behar dugu aldaketa, gure aldaketa propioa, ez beste inorena. Modu horretan  iraunkorra izango da aldaketa, eta gure egiazko edo amestutako bizitza lortu ahal izango dugu.

Nire saioetan ikusitakoan oinarrituz, kezka nagusiak honako hauek izaten dira: erlazioak, dirua, maitasuna, bakea, osasuna, beldurrak eta tristura. Guzti horren konponbidea norberaren aldaketa pertsonala da. Jendearekin egon, ekintzailea izan, gertuagoa edo maitekorragoa izan, lasaiagoa, osasuntsuago bizi, beldurrak eta emozioak onartu eta kudeatu. Horiek dira aurreko arazoen konponbideak, eta guztietan norberaren aldaketa da oinarria, ingurukoen esku ezer utzi gabe.

Aldaketa egitea lortzen badugu, emaitzak beren kabuz etortzen dira, eta konturatu gabe bizitza berri batean aurkitzen dugu gure burua, bide berri bat jorratzen.

Ez al zaizu gertatzen adibidez, kotxe bat erostera zoazeneanzurea bezalako pila ikusten dituzula inguruan? Honekin berdin gertatzen da. Ikuspuntua edo bizitza begiratzeko betaurrekoak aldatzen dituzunean, aurrean topatuko duzuna ere guztiz ezberdina izango da.

Batzuetan apur bat kosta dakiguke, izan ere, gure buruan erresistentzia mekanismoak ditu. Lehengoari indarrez lotuta egoten gara eta zaila egiten zaigu zaharra askatu eta berriari heltzea. Beldurra dago horren oinarrian.

Guzti horren alde positiboa zera da, gure esku dagoela. Sinesmenak eta pentsamenduak aldatzeko gai bagara, gainontzeko guztia ere alda dezakegu. Beraz, gure bizitza aldatzeko gai izango gara. Egoera honen aurrean ez du balio “ni horrelakoa naiz” esatea. “Ni horrelakoa nintzen eta aldatzen ari naiz” pentsatu eta esan behar dugu. Ez izan zaren (edo zinen) bezalakoa, zu berri eta hobeagoa baizik.

Ziur naiz hori dela zure desioa, bestela ez zenukeliburu hau izango eskuetan. Horrek ez du esan nahi guztiz aldatu behar duzunik, ezta izan zaren guztia pikutara bota behar duzunik. Ez, inola ere ez. Momentu hotan balio ez dizuna soilik aldatu behar duzu. Arropa zaharrekin gertatzen den bezala. Zertarako gorde armairuan erabiltzen ez ditugu arropak, lekua kentzeko besterik ez badute balio. Sinesmenekin berdin gertatzen da. Balio ez digutenak, bizitza oztopatzendigutenak, egunen batean baliagarri izan zirenak, baina gaur kaltegarriak direnak, birziklatu egin behar dira.

Nire hitzaldi eta tailerretan asko lantzen dugun arloa da hori, eta liburu honetan ere oso garrantzitsua da. Uste duguna baino askoz ere gaitasun gehiago daukagu, uste duguna baino hobeagoak gara eta uste duguna baino baliabide gehiago dauzkagu esku artean. Ziur naiz. Badakit guztion barnean izar dirdiratsu bat dagoela. Baina izar hori aurkitzeko bilatu egin behar da.

Zenbat ezagun eta lagun ezagutzen ditugu lanean, ikasten, zorrak ordaintzen, bizi gabe daudenak egunen batean bizitzeko itxaropenarekin. Beste batzuk berriz bizitza bizitzen dute, beren bizitza nolakoa izatea nahi duten erabakitzen dute eta bide horri ekiten diote, egunero bizitzaz gozatuz, eta etorriko denaz hainbeste arduratu gabe. Izan ere, nork daki etorkizun hori iritsiko den?

Uste dut esfortzua egin eta gure bidea amestutako bizitza horretara bideratzeak merezi duela, bideaz ere gozatu ahal izateko. Zure esku dago, bide hori zure zain dago, zuk lehen pausu hori noiz emango zain. Eta horretarako beharrezkoa da aldaketa pertsonala eta zu berri bat izatea.

Hemen duzu galdera garrantzitsu bat: Nolakoa da zure ametsetako bizitza hori?