Entradas

ADIMEN EMOZIONALERA SARRERA

Azken urte hauetan gorakada handia izan du adimen emozionalaren inguruko interesak. Adimen emozionala da antzeko gaitasun intelektuala izanik, hainbat arlotan lorpen gehiago edo gutxiago izatea eragiten duena.

Daniel Golemanen “Inteligencia Emocional” liburua best-sellerra bihurtu zen argitaratu zenean. Ideia berritzaile bat proposatzen da bertan, eta dio emozioen kudeaketa egokia erabakigarriagoa dela bizitzan lorpenak izateko, koefiziente intelektuala baino. Idazlearen esanetan:

“Emozioak indartsuak dira, eta horiek menderatzea da adimen emozionala”

Adimen emozionala modu egoki batean lantzeko beharrezkoa da ondorengo ideiak jorratzea:

  • Auto-ezagutza eta kontrola. Zer gertatzen zaigun eta zergatik gertatzen zaigun ezagutzeko.
  • Gure inguruko pertsonak hobeto ulertzeko, eta beren emozio zein jarreren aurrean modu egokiagoan jokatzeko.
  • Gizarte-erlazioak. Benetako lotura zintzoak ezartzeko, eta gizarteko hainbat arlotan modu aktiboan parte hartzeko.
  • Eragin pertsonalak. Beren jokaeren bidez gainontzekoak inspiratzeko gaitasuna dute.
  • Ikusepegia menderatzea. Egiazkotasuna transmititzen du, jokaera eta ideiak bat datozelako proposatzen den filosofiarekin.

Bakoitzak arlo horiek lantzeko eta emozioen aurrean ditugun gaitasunak aztertu ahal izateko, ezinbestekoa izango da momentu oro barneko emozioez kontziente izatea. Modu horretan emozio horiek indartzaileak edo mugatzaileak diren aztertu ahal izango dugu, eta kudeaketa egoki bat aurrera eramateko tresnak landuko ditugu.

Zer dago emozioen aurretik eta zer ondoren? Beharrezkoa da emozioak bultzatzen dituzten sinesmen eta pentsamenduak ezagutzea. Zerbaiti (edo norbaiti) buruz daukagun sinesmenak pentsamendu zehatz bat dakar, eta horrek aldi berean emozio zehatz bat eragiten digu. Horregatik, sinesmenak aldatzea lortzen badugu, gure pentsamenduak ere aldatuko lirateke, eta ondorioz, emozioak ezberdinak izango lirateke. Beraz, aurretik dagoena alda dezakegu emozioetan eragin ahal izateko.

Beste aukera, emozioa jasan ondorengo jarrera lantzea da, eta auto-ezagutza eta norbere buruaren kontrolean oinarritzen da. Behin emozioa sentitu dugula, horren aurrean hartzen dugun jarrera besterik ez da geratzen, eta jarrera horren eraginak. Gure buruarekiko ezagutza badugu, gure jarrera kudeatzeko gai izango gara emaitza egokiak lortzeko. Ez badugu ezagutza gaitasun hori, aldiz, gure emozioek menderatuko gaituzte eta ez gara gure jarrera kontrolatzeko gai izango. Ondorioz, hartutako jarrerek askotan nahi ez ditugun eraginak izango dituzte.

Emozioa antzematea, emozioa onartzea eta emozioa kudeatzea dira jarraitu beharreko hiru pausuak hazkuntza-prozesu honetan, eta horietako bakoitza landu beharko dugu ariketen bidez.

  • Gai al zara momentu honetan sentitzen ari zaren emozioa antzemateko?
  • Gai al zara emozio hori idatzi, izena jarri eta adjektibo batzuen bidez deskribatzeko?
  • Gai al zara emozioa gorputzeko zein ataletan sentitzen duzun zehazteko?
  • Zein da emozioaren intentsitatea?
  • Emozio horrek indartu edo ahuldu egiten zaitu?
  • Nola jokatuko duzu emozio horrek aurrean?

Nire tailerretan igeriketa erabili ohi dut adibide gisa. Asko gustatzen zait adibide hau, izan ere, oinarrian igeri egiten ikasteko prozesua bat dator emozioen kudeaketa prozesuarekin. Igeri egitearen inguruan asko irakur dezakegu, igeriketako bideo ugari ikus ditzakegu, igeri egiteko teknika egokiak azaltzen dituen hitzaldietara joan gaitezke, eta igeri egiten irakatsiko digun irakaslerik hoberena ere izan dezakegu.

Baina… ez dugu inoiz benetan igerian ikasiko uretara sartu eta busti arte. Ez dugu igerian ikasiko ura hotza edo beroa dagoen sentitu arte, burua ur azpian sartzeko gai izan arte, eta uretan aurrera goazela ikusi eta gure buruaz harro sentitu arte. Hobeto edo okerrago egingo dugu igeri, baina uretara sartu eta gure gorputza igerian sentitu arte ezinezkoa da igeri egiten ikastea.

Bai igeri egiten baita emozioak kudeatzen ikasteko garai egokiena haurtzaroa da. Orduan da ikasketarako irekien gauden momentua, blokeo eta beldur gutxien ditugun garaia. Hala ere, inoiz ez da berandu. Pertsona asko ezagutzen eta laguntzen ditut  igeriketa zein emozioen munduan heldutan murgildu direnak, eta aurrerapen handiak lortu dituztenak.

Ikus dezakezunez, artikulu honen helburua uretara salto egitera animatzea da, gure burua busti, egunerokotasuneko emozio horiek sentitu, eta gure zoriontasunerako modu eraginkorrenean kudeatzea. Horretarako, zure jarrera eta parte hartzea oso baliagarria izango da, baina ez da ezinbesteko baldintza bat. Hitz egin nahi ez dugunean edo ekintzaren batean parte hartu nahi ez dugunean ere, gure barnea zerbait azaltzen ari zaigu. Eta zerbait hori interpretatu eta kudeatzeko gai izanez gero ere aurrera egin ahal izango dugu.

Beraz, edozein modutan, parte hartzeak, galdetzeak, entzuteak, edo besterik gabe gainontzekoak babesteak, gure barnearekin konektatzea baimenduko digu, guri soilik dagokigun barnealde horrekin konektatzea. Eta horren aurrean hartuko dugun jarrera erabakitzea ere guri soilik dagokigu. Orain arte bezala jarraitzea erabaki dezakegu, edo aldaketaren bat egitea ere bai.

Emozioen mundua interesatzen bazaizu eta informazio apur bat nahi baduzu, hemen gomendio batzuk:

Nola ez, liburu batzuk. Zer litzateke mundua libururik gabe!:

  • “Inteligencia emocional”, Daniel Goleman.
  • “Inteligencia emocional 2.0”, Travis Bradberry.
  • “El principito se pone la corbata”, Borja Vilaseca.

Ondorengo pelikula hauek ere gomendagarriak dira arratsalde goxo bat igaro eta gainera emozioen inguruan apur bat ikasteko:

  • “El discurso del Rey”. Beldur eszenikoak eragindako emozio eta beldurren kudeaketa azaltzen du.
  • “Jerry Maguire”. Bi pertsonaien emozio-kudeaketa eta gaitasun sozialen lanketa azaltzen du, beren bertsiorik onena lortzeko.
  • “Cadena perpetua”. Garrantzitsuena ez da gertatzen zaiguna baizik eta gertatzen zaigun horrekin egiten duguna.

Hainbat ospetsuren esaldiek ere askotan lagun gaitzakete gure burua bideratzen. Adibidez:

  • “Bizitza guztia norbait izan nahian, eta gaur norbait naiz, baina ez naiz ni”. Wayne Dyer.
  • “Mundu guztia baztertzen da nora doan argi daukan pertsona bat pasatzen ikustean”. Antoine de Saint-Exupery
  • “Mendera ezazu zure garuna edo berak menderatuko zaitu zu”. Horacio.

Guzti horrekin, nire helburua gure emozioen inguruko ideia argi bat jasotzea da. Nola sortzen diren, zein diren indartzaileak eta zein mugatzaileak, nola joka dezakegun emozioen aurrean… eta, batez ere, norbera bere emozioen jabe izatea. Izan ere, emozioak norberarenak dira, norberak sortuak, eta norbera munduko pertsonarik zoriontsuena edota zorigaitzena bihurtzeko ahalmenarekin.

Espero dut aurrerakin honek landu dezakegunaren inguruko ideia bat eman izana, eta barnealdean emozioen kudeaketaren bidea ekitera bultzatuko gaituen sugar bat piztu izana. Laguntzarik behar izanez gero, kontakta nazazu zalantzarik gabe: www.luisoiarzabal.eus

BIZILAGUNEN BILERA

Bizilagunen arteko bilera egitea proposatzen dut. Barnean ditugun bizilagunen arteko bilera bat, hain zuzen ere. Goiko bizilagun garuna, beheko bizilagun bihotza eta administratzailea, ZU.

Kalkutako Teresak esan zuen moduan: “Pertsona baten lanik zailena goiko eroa kontrolatzea da”

Goiko bizilaguna garuna edo zentzua da. Serioa, zentzuduna, koherentea, beldurtia, lotsatia eta kontserbadorea da. Asko daki, esperientzia dauka eta erraz ikusten du arriskua.Beheko bizilaguna aldiz,bihotza edo emozioa da. Alaia eta ameslaria da eta ilusioz eta maitasunez beteta dago. Bizitza polit ikusten du, maitatzea eta maitatua izatea gustatzen zaio eta gauza txikiei garrantzia ematen die.

Askotan gertatzen zaigu gure barruan dena korrika eta nahastuta dabilela. Alde batetik, burua bere pentsamenduekin eta kezkekin, eta bestalde bihotza bere alaitasun edo tristurekin. Denak nahastuta, denak elkarren aurka.Emozioak norabide batean doaz eta burua berriz korrika norabide horren ondorioak zein izango diren arrazoitzen. Eta tartean ZU, guzti horren jabe eta arduradun.

Konturatzen al zara zu ez zarela zure burua eta ez zarela zure emozioa? Zu bion tartean dagoen pertsona zara, hain ezberdinak diren bi bizilagun horiek kudeatu behar dituena. Baina hori guztia kudeatzea helburu duen bide horretan, hausnartzen al duzu zer nahi duzun edo nora joan nahi duzun? Edo lehen aipatu bezala, biribilgune batean bueltaka al zabiltza noraezean?

Uste dut gehienetan ez dugula nahikoa denbora igarotzen hausnarketa hori egiten, ez dugula gure bizilagunen arteko bilerarik egiten, ez dugula barneak garrasika esaten diguna entzuten. Nire saioetan askotan horren justifikazio moduan “ez daukat denborarik” entzuten dut. Korrika gabiltza, nora goazen jakin gabe, eta ez daukagu denborarik apur batez gelditu eta nora joan nahi dugun pentsatzeko? Zer iruditzen zaizu?

Aspaldian konturatu nintzen ez dutela arrakasta gehiago izaten gauza asko egiten dituzuten pertsonek, baizik eta gauza egokiak eta erritmo egokian egiten dituztenek baizik. Azken horiek gainera ezaugarri komun bat izaten dute: beren denbora eta helburuak kudeatu eta planifikatzeko denbora hartzen dute.

Denbora esku artean daukagu, goizero daukagu denbora hori nola kudeatu erabakitzeko aukera, baina askotan ez dugu modu egokian egiten. Denbora oso erraz eralgitzen dugu eta behar dugunerako ez zaigu geratzen.Kontu korrontea begiratzen dugun moduan begiratuko bagenuke bizitza eta gelditzen zaigun denbora etengabe jaisten doala ikusiko bagenu, agian apur batez gelditu, barneak esaten diguna kontutan hartu eta denbora horrekin zer egin nahi dugun hausnartuko genuke.

Zure barnean dauden goiko eta beheko bizilagunek diotena entzutera ausartzen zarenerako ideia batzuk dituzu hemen:

  • Ez dago denerako denborarik. Beraz, zertan igaro nahi duzu denbora?
  • Nire osasunaren mesederako ezetz esaten ikasi behar duzu, modu onean, baina EZ.
  • Zerk lapurtzen dizu denbora? Zertan igarotzen duzu? Norentzat erabiltzen duzu?
  • Nondik aterako duzu zuretzako denbora?
  • Gogoratu: lehendabizi beti garrantzitsuena. Zer da zuretzat garrantzitsuena?
  • Planifikatu eta antolatu zure denbora eta helburuak.
  • Besteei dagozkien zereginak besteentzako utzi.
  • Egin gauzak ondo eta txukun, baina ez ibili perfekzioaren bila beti.
  • Ez galdu denbora hara eta hona noraezean.
  • Kendu bidetik oztopatzen zaituen edozer: gauzak, lanak, inguruak, pertsonak…

Denbora gehiegi pasatzen dugu hainbeste garrantzirik ez duten gauzetan edo pertsonekin, benetan garrantzia dutenak alde batera utzita. “Egin gehiago egin behar duzuna eta gutxiago egin behar ez duzuna”. Xamurra eta erraza dirudi, ezta? Ba, animo! Budistek esaten duten bezala, gaur gaurkoa eta bihar biharkoa eginez, iritsiko zara. Ez saiatu gaur hilabete osokoa egiten.

Ez badiogu buruak eta bihotzak etengabe adierazten digunari kasurik egiten eta ez badugu bien arteko bilera egiteko denborarik hartzen, azkenean modu batera edo bestera esaten dutena entzunaraziko digute. Hau da, iritsiko da momentu bat non gorputzeko alarmak piztuko zaizkigun: beldurrak, antsietatea, kezkak, urduritasuna, estresa eta abar. Horiek guztiak azaleratzea da gure gorputzaren abisua, barnealdeari kasurik egiten ari ez garela esaten diguna.  Gure erabakia izaten da begiak eta belarriak itxi eta aurrera jarraitzea.

“Baina zer egin dezaket horren aurrean edo nola entzun dezaket barneak dioena?” esaten didate askotan. Modu ezberdinak daude, besteak beste,meditazioa, bakardadean egon eta pentsatzea, norberaren jarreren inguruan hausnartzea, gorputzak bidaltzen dizkidan seinaleei arretaz erreparatzea eta lagungarri diren irakurketak egitea. Norberak bere modua bilatu behar du.

Askotan buruan bueltaka dabiltzan ametsak lortzeko lehen pausua horixe izaten da: gelditu, barnealdeak dioena entzun, hausnartu, benetan nahi duguna zehaztu eta ekin.

Egia da ez dela erraza egunerokotasuneko biribilgunetik irtetea. Baina hausnartzeko tarte bat hartu baduzu, lehenengo pausua egina daukazu, zorionak! Zailena egin duzu, eta hemendik aurrerakoa poliki-poliki pausu txikiak egiten joaten datza.

Guzti honen oinarria norberaren gaitasunaz ohartzea eta kontzientziatzea da. Izan ere, arazoak kanpoan daude, baina arazo horien konponbideak aldiz barnean daude. Zure baitan daukazu zure arazoen konponbidea, baita zure helburu eta ametsak lortzeko bidea ere. Eta badakit hori guztia kudeatzeko gaitasuna ere badaukazula. Guztiok daukagu.

“Nola jakingo dut erabakitako bidea zuzena den?” Jakingo duzu. Zure barnealdeak dioena entzuten ikastean berak esango dizu egiten ari zaren bidea zuri dagokizun edo beste norbaiten bidetik zoazen.Zure gaitasunen jabe zarenean izugarrizko indarra izango duzu. Buruak daukan indarra eta ahalmena ikaragarria da, bide onean jarriz gero edozer lortzeko gai da. Baina kontuz, bere kasa utziz gero edo kasurik egiten ez bazaio, edozer zapuzteko gai da baita ere.

Hemen dituzu galdera edo ariketa garrantzitsu pare bat:

Non eta noiz egingo duzu bizilagunen arteko bilera?Zer adierazten dizute orain zure bizilagunek?

EMOZIOAK: EZEZAGUN HORIEK

Guztiok dauzkagu emozioak eta guztiok sentitzen ditugu, baina oso gutxik onartu eta kudeatzen dituzte. Ez digute irakatsi zer diren, nola azaltzen diren eta nola ulertu eta onartu behar ditugun.Eta batez ere, ez digute irakatsi nola kudeatu behar ditugun.

Hiztegiak dio emozioak “buruaren astintze edo nahastea” direla, “sentimendua, pasioa edo edozer buruko aldarte sutsu edo urduria”.Nire iritziz, Daniel Golemanekdioen moduan, definizio hori pentsamendu eta sentimenduetara zuzenduta dago. Emozioen mundua askoz ere zabalagoadela uste dut.

Alde batetik, guztiok ezagutzen ditugun emozioak edo emozio arruntak daude. Besteak beste, haserrea, tristura, beldurra, alaitasuna, maitasuna, harridura, nazka eta lotsa. Baina hauetako bakoitzak beste emozio ugari dauzka atzetik, eta horiek ez dira hain ezagunak. Esate baterako, jeloskortasuna, itxaropena, kemena, fedea, barkamena, nagitasuna eta abar luze bat.

Emozioak bat batean sortzen dira. Batzuetan erne egonez gero badatozela nabari genezake, baina beste batzuetan konturatzen garenerako sortu eta azaleratzen dira, kontrolatzeko aukerarik izan gabe. Askotan emozio horien ondorioak denboran zehar gure barnean gelditzen dira, eta horrek eragiten du pertsonak alaitsuagoak, tristeagoak, beldurtiagoak, eta beste milaka modutakoak izatea.  Baina batzuetan, desorden emozionalak ere egon daitezke, esaterako depresioa edo antsietatea.

Orain dela gutxi arte, hezkuntza-planetan ez dira emozioak eta beren kudeaketa barneratu. Izan ere, askoz ere garrantzia gehiago izan dute matematikak, historiak edo hizkuntzek. Emozioak beti alde batera utzi izan dira, eta emozioen ezagutza eta kudeaketan analfabeto bihurtu gara. Ondorioz, egunerokotasunean liskar mordoa izaten dugu ingurukoekin eta batez ere gure buruarekin. Emozioak kudeatzen ikasiko bagenu, eta hori guztia normaltasunez sentitu eta azaltzen jakingo bagenu, gure buruarekin erlazio sanoagoa izango genuke.

Emozioak kudeatzeko modurik egokiena barnean ditugun mugimendu horiei arretaz erreparatzea da, baina horren aurrean erreakzionatu edo sentitutako hori epaitu gabe. Sokratesek zioen moduan: “Ezagutu zaitez zu”.Gure burua ezagutzea da emozioak kudeatzeko sekretua edo gakoa. Gure buruarekiko distantzia pixka bat hartu eta kanpotik begiratzen badiogu, gure sentimendu edo emozioak kontzienteki atzemango ditugu. Hori da emozio-kudeaketaren lehen pausoa.Behi hori lortuta, autokontrola da hurrengo pausua. Horrek aske bizitzen lagunduko digu, emozioen menpe egon gabe.

Emozioen arloaren inguruan hiru motako pertsonak ezagutzen ditut:

  • Emozioez kontziente dena. Emozioak kudeatzeko gai diren pertsona dira, pertsona seguruak. Psikologikoki sano, indartsu eta baikorrak. Guztiok bezala, momentu ilunak ere izaten dituzte, baina normaltasunez jokatzen dute horren aurrean, zalapartarik gabe. Ondorioz, berehala lortzen dute tuneletik irten eta normaltasunera itzultzea.
  • Emozioak karga moduan hartzen dituztenak. Kontziente dira beren emozioez, baina horren aurrean ezin dela ezer egin uste dute. Emozioak hor daude, baina ezin denez ezer egin aldatzeko, karga bat bihurtzen dira.
  • Emozioen menpe preso daudenak. Ezin dira beren emozioetatik askatu, eta bizitza osoa igarotzen dute emozioek sortutako sentimendu eta pentsamenduekin bueltaka. Ez dute beren burua emozioak kudeatzeko gai ikusten, eta ezin dira sentimendu ezezkorretatik bereizi.

Garrantzia asko ematen zaio arrazionalki hartzen diren erabakiei, baina bat batean barnetik emozioak sugar moduan azaleratzen direnean, arrazionaltasuna ez da oso baliagarri izaten. Momentu erabakigarrietan bihotzak buruak baino indar gehiago izaten du, eta askotan emozioek argitzen digute bidea. Onerako zein txarrerako.

Hemen dituzu galdera garrantzitsu batzuk:Zein dira gehien jasaten dituzun emozioak?Zein emozio kudeatzen ikasi nahiko zenuke?