Entradas

ALDAKETA PERTSONALA: IZAN ZAITEZ ZU BERRI BAT

Bizitza berri edo desberdin bat nahi badut, pertsona berri edo desberdin bat izan behar dut.

Ez dago beste biderik, segituan konturatuko zara. Gauza berriak lortzekotan, gauza berriak egin behar dira. Desberdin sentitzekotan, desberdin pentsatu behar da. Horixe da bizitzaren leloa. Jende asko da beren egoera aldatzeko bizitza aldatzeko zain geratzen direnak, ingurukoak aldatzeko zain egoten direnak beren zoriontasuna lortzeko. Baina da ez horrela. Ingurukoa aldatzeko zain bagaude, ingurukoen bizitzako parte izango gara, eta ez gu geure osotasunean.

Lehen aipatu bezala: lehenik sinesmenak, gero pentsamenduak, ondoren emozioak eta azkenik jarrerak. Zentzu horretan egin behar dugu aldaketa, gure aldaketa propioa, ez beste inorena. Modu horretan  iraunkorra izango da aldaketa, eta gure egiazko edo amestutako bizitza lortu ahal izango dugu.

Nire saioetan ikusitakoan oinarrituz, kezka nagusiak honako hauek izaten dira: erlazioak, dirua, maitasuna, bakea, osasuna, beldurrak eta tristura. Guzti horren konponbidea norberaren aldaketa pertsonala da. Jendearekin egon, ekintzailea izan, gertuagoa edo maitekorragoa izan, lasaiagoa, osasuntsuago bizi, beldurrak eta emozioak onartu eta kudeatu. Horiek dira aurreko arazoen konponbideak, eta guztietan norberaren aldaketa da oinarria, ingurukoen esku ezer utzi gabe.

Aldaketa egitea lortzen badugu, emaitzak beren kabuz etortzen dira, eta konturatu gabe bizitza berri batean aurkitzen dugu gure burua, bide berri bat jorratzen.

Ez al zaizu gertatzen adibidez, kotxe bat erostera zoazeneanzurea bezalako pila ikusten dituzula inguruan? Honekin berdin gertatzen da. Ikuspuntua edo bizitza begiratzeko betaurrekoak aldatzen dituzunean, aurrean topatuko duzuna ere guztiz ezberdina izango da.

Batzuetan apur bat kosta dakiguke, izan ere, gure buruan erresistentzia mekanismoak ditu. Lehengoari indarrez lotuta egoten gara eta zaila egiten zaigu zaharra askatu eta berriari heltzea. Beldurra dago horren oinarrian.

Guzti horren alde positiboa zera da, gure esku dagoela. Sinesmenak eta pentsamenduak aldatzeko gai bagara, gainontzeko guztia ere alda dezakegu. Beraz, gure bizitza aldatzeko gai izango gara. Egoera honen aurrean ez du balio “ni horrelakoa naiz” esatea. “Ni horrelakoa nintzen eta aldatzen ari naiz” pentsatu eta esan behar dugu. Ez izan zaren (edo zinen) bezalakoa, zu berri eta hobeagoa baizik.

Ziur naiz hori dela zure desioa, bestela ez zenukeliburu hau izango eskuetan. Horrek ez du esan nahi guztiz aldatu behar duzunik, ezta izan zaren guztia pikutara bota behar duzunik. Ez, inola ere ez. Momentu hotan balio ez dizuna soilik aldatu behar duzu. Arropa zaharrekin gertatzen den bezala. Zertarako gorde armairuan erabiltzen ez ditugu arropak, lekua kentzeko besterik ez badute balio. Sinesmenekin berdin gertatzen da. Balio ez digutenak, bizitza oztopatzendigutenak, egunen batean baliagarri izan zirenak, baina gaur kaltegarriak direnak, birziklatu egin behar dira.

Nire hitzaldi eta tailerretan asko lantzen dugun arloa da hori, eta liburu honetan ere oso garrantzitsua da. Uste duguna baino askoz ere gaitasun gehiago daukagu, uste duguna baino hobeagoak gara eta uste duguna baino baliabide gehiago dauzkagu esku artean. Ziur naiz. Badakit guztion barnean izar dirdiratsu bat dagoela. Baina izar hori aurkitzeko bilatu egin behar da.

Zenbat ezagun eta lagun ezagutzen ditugu lanean, ikasten, zorrak ordaintzen, bizi gabe daudenak egunen batean bizitzeko itxaropenarekin. Beste batzuk berriz bizitza bizitzen dute, beren bizitza nolakoa izatea nahi duten erabakitzen dute eta bide horri ekiten diote, egunero bizitzaz gozatuz, eta etorriko denaz hainbeste arduratu gabe. Izan ere, nork daki etorkizun hori iritsiko den?

Uste dut esfortzua egin eta gure bidea amestutako bizitza horretara bideratzeak merezi duela, bideaz ere gozatu ahal izateko. Zure esku dago, bide hori zure zain dago, zuk lehen pausu hori noiz emango zain. Eta horretarako beharrezkoa da aldaketa pertsonala eta zu berri bat izatea.

Hemen duzu galdera garrantzitsu bat: Nolakoa da zure ametsetako bizitza hori?

ZUK HARTZEN DITUZU ERABAKIAK EDO BESTEEN ERABAKIEN MENPE BIZI ZARA?

Bizitza erabakiak hartzeko prozesu bat da.

Batzuetan ez dute eragin handirik. Adibidez, kafea hutsa edo ebakia? Pentsatu ere egin gabe hartu genitzake. Baina beste batzuetan gehiago dago jokoan, eta ondo pentsatu beharra daukagu.

Badaude pertsona azkarrak erabakiak hartzeko garaian, eta beste asko bueltaka eta bueltaka ibiltzen direnak erabakia hartu aurretik. Erabakia azkar hartzen dutenen artean, badaude arduratsuak, baina baita arduragabeak ere. Eta bueltaka ibiltzen direnen artean aldiz, arduratsuak eta ziurtasun falta dutenak bereizten dira.

Bizitza esperientzia bat da, eta esperientzia, erabakiak hartu eta probatzera ausartzean eskuratzen den zerbait da. Bestela, besteen esperientziaz baliatuz biziko gara. Argi izan behar dugu hartutako erabaki asko ez direla egokiak izango, baina hori ere ikasketa bat izango da hurrengoan erabaki zuzenak hartzeko. Hau da, gauzak nola egin eta nola ez egin irakatsiko digu esperientziak. Baina horretarako probatzera ausartu behar gara. Horregatik, noizbait dudatan bagaude zerbait egin edo ez egiteko, dudarik gabe, egin.

Momentu oro daukagu erabakiak hartzeko beharra, eta ez badugu erabakirik hartzen, norbaitek hartuko ditu gure partez. Beraz, hobe izango da gure bizitzako erabakiak norberak hartzea, asmatu ala ez.

Gaur egungo egoeran konturatu naiz jendea erabakiak hartzeko beldurrarekin dabilela: datuak ikusi, iritziak jaso, beste buelta bat eman, beste bilera bat prestatu… eta bueltaka jarraitu.   Erabakiak atzeratzeak ezinegonak eta intseguritateak besterik ez ditu sortzen. Badira ere erabaki okerrak ikasketa moduan hartu beharrean, porrot moduan bizitzen dituztenak. Ez dira konturatzen iritsi diren lekura iristeko erabaki zuzen asko hartu dituztela eta okerrak ikasketak direla.

Zerk laguntzen gaitu erabakiak hartzera?

  • Denbora bat hartu, erabakiaren pisuaren araberakoa.
  • Onartu erabakian hanka sartzeko aukera dagoela. Kontuan hartu aukera hori jaisten joango dela erabakiak hartzeko ohitura hartzen goazen heinean.
  • Laguntza eskatu. Ziur ez gaudenean, gure konfiantza duen norbaiti laguntza eskatu.

Hemen dituzu proposamen batzuk:

ARIKETA:

Idatzi zein den kostatzen ari zaizun erabakia. Alboan, idatzi zein izango litzatekeen emaitza kasurik okerrenean.  Idatzi baita ere, kasu hori beteko balitz, zer gertatuko litzatekeen.

Gehienetan, hori guztia idazten ari garen bitartean konturatzen gara egoera okerren hori betetzeko posibilitatea oso txikia dela, eta gertatuta ere, gai izango ginatekeela egoerari aurre egiteko.

PELIKULA: Jerry Maguire (1996)

LIBURUA: La brújula interior (Alex Rovira)

https://www.amazon.es/br%C3%BAjula-interior-Narrativa-empresarial/dp/8495787911/ref=sr_1_1?ie=UTF8&qid=1507022695&sr=8-1&keywords=la+brujula+interior+alex+rovira

GABONETAKO BAZKARI ETA BAZKARIAK HOBETO KUDEATZEKO HAINBAT IDEIA

Badatoz gabonak eta beraiekin batera gabonetako bazkari, afari eta konpromezu guztiak. Kaleak, etxeak eta dendak kolorez eta apaingarriz jantzita daude aspaldian. Mahaiak guztitz beteta eta bazter guztiak janari eta edariz  gainezka, bizitza bertan bukatuko balitz bezala. Egun horietan emozioak ere pil-pilean egoten dira eta urteko beste egunetan baino ageriago azaltzen gara gure ingurukoen aurrean. Horren erantzule dira oroimenak, tristurak, ahaztu ezin diren istorioak, eta beste hainbat sentipen.

Jende askok gogo eta ilusio handiz bizitzen ditu gabon-festa horiek. Baina badira ere egunak azkar pasatzea gustatuko litzaiekeen beste hainbat. Baita egun zehatzen bat ospatzea gustuko dutenak, baina gainontzeko egun guztiak soberan dituztenak ere. Adibidez, San Tomas eguna ospatu eta hurrengo eguna urtarrilaren zazpia izatea gustatuko litzaiekeenak, normaltasunera itzultzeko. Zuk nola bizitzen dituzu jaiegun horiek?

Inguru guztia mozorrotuta eta apaingarriz beteta ikusi arren, zu zeu ez mozorrotzea da egokiena, barrutik behintzat. Hausnarketa egiteko momentu egokia da, hain zuzen ere kontziente izateko nola bizitzen dituzun egoera bereziak eta urte berrian zehar nola bizi nahiko zenituzkeen. Modu horretan, baliteke konturatzea zure emozioen jabe zarela, ikustea muga non jarri beharko zenukeen, eta guzti hori jaiegun horiek ere hobeto kudeatzeko baliagarri izatea.

Gabon-festen oinarrian maitasuna, benetako laguntasuna eta gertutasuna daude. Baina sentimendu horiek azaltzeko zailtasunak izaten ditugu. Beraz, momentu egokia da baita ere gure buruarekin zintzoak izateko, dauzkagun zailtasun horiek onartzeko eta kostata ere nahi dugun hori aurrera eramateko. Izan ere, askotan entzuten dira eta guztiok erabiltzen ditugu ondorengo esaldi hauek: “gurasoengatik egiten dut”, seme-alabengatik egiten dut”, “beste aukerarik ez dudalako egiten dut”, “gainontzeko guztiek egiten dutelako egiten dut”, “ez badut hori egiten, zer esango ote dute”, eta abar. Esaldi guzti horiek ez dira zuzenak, ez dira zintzoak, ez dira pertsona heldu baten erantzun jatorrak. Bada garaia norberaren buru eta bihotzarekin zintzo izateko.

Zer egin dezakezu orduan? Zure esku dago konpromezuetara joatea edo ez joatea erabakitzea. Joatea erabakitzen baduzu, daukazun hoberena eman aitzakia guztiak alde batera utzita. Zure erabakia izan da, ez beste inorena, beraz, goza ezazu eta gainontzekoek ere goza dezatela zurekin. Ez joatea erabakitzen baduzu aldiz, txalotu zure burua. Ziur ez dela erabaki erraza izan, eta zaila izan arren zure buruari zintzotasunez jarraitzea erabaki duzu, eta horrek meritu handia dauka.

Askotan haur txikiak bagina bezala besteen erabakiez baliatzen gara gure bizia kontrolatzen ez dugula sinesteko.

Uste dugu besteen errua dela gu zoriontsuak ez izatea, eta azaldu dudan bezala, zure esku daukazu erabakia orain ere, eta ondorioei heldutasunez aurre egitea. Bestela, aitzakia bat besterik ez da izango, heldutasunez jokatzeko ausardiarik ez duzula adieraziko duena.

Bazkari, afari edo konpromezu horietara joatea erabaki baduzu hemen dituzu ideia batzuk:

  1. Aurreiritzirik gabe joan. Aurreiritziak zianuro tragoxka bat bezalakoak dira: zuk zeuk hartu eta zure buruari kalte egiten diote. “Nire koinata harroputza da”, “nire ilobak okerrenak dira”, “nire bikotea txoratu egiten da horrelakoetan”,… Onartu beharra dago norberak ahal duen hoberen kudeatzen duela bere bizitza, zuk zeuk egiten duzun moduan, eta eskubide osoa dute diren bezalakoak izateko. Zuk daukazun hoberena eman, ezer espero gabe.
  2. Enpatia azaldu. Ahaztu zure buruaz momentu batez eta jarri besteen azalean. Entzun, begiratu eta saiatu ulertzen aurrean duzun horrek nola sentitu eta bizitzen duen egoera. Ez daukazu inori arrazoia eman beharrik ez baduzu hala dela uste, baina ulertzen saiatu behar da gainontzekoen egoera kudeatzeko esfortzua. Distantzia apur bat mantentzeko gai bazara, konturatuko zara zure aurrean dagoen hori esfortzu bat egiten ari dela bere postura edo ikuspuntua defendatzeko, eta maitasunez entzuten baduzu ziur bera ere bigunduko dela, eta erdibide batera iritsiko zaretela. Gai zara zure egoera kudeatzeko eta gainontzekoak maitasunez entzuteko. Maitasunez… beldurra eman du hitz horrek, ezta?
  3. Zure hitzak eta hitz egiteko modua dira zure heldutasunaren seinale. Aurreko pausoak egiteko gai izan bazara, konturatuko zara beste lasaitasun batekin daramazula egoera, ez duzula arrazoiaren jabe izan behar, ez duzula gainontzekoen inoren gainetik egon beharrik, eta errespetatzen duzula gainontzekoen izaera. Momentu horretan zure pentsaera lasaitasunez azaltzeko gai izango zara, inor konbentzitzeko beharrik gabe. Zure ikuspuntua azaldu ahal izango duzu, lasaitasunez eta tonu egokian, inor atakatu gabe. Zure buruaren eta emozioen jabe zaren seinale izango da guzti hori, zure buruarekin bakean eta harro egongo zara, eta ez duzu beharko gainontzekoek arrazoirik ematerik.

Zer egin dezaket momentu zailetan egoera hobeto kudeatzeko?

  1. Komunera bisita. Konturatzen banaiz bide egokitik ateratzeko arriskuan nagoela, ingurua eta konbertsazioak ni menderatzen hasi direla eta ez dudala bide horretatik jarraitu nahi, komunera bisitatxo bat egitea aproposa izaten da. Arnasa hartu, ispilura begiratu eta zure EGOarekin hitz egin: ez naiz zure jokoan sartuko, ez naiz nire bidetik aterako, gai naiz nire egoera kudeatzeko, gaur inoiz baino gehiago maite dut nire burua eta ez naiz nire EGOaren menpe egongo. Nire barruaren kontrola errekuperatu dudanean, berriz ere prest nago itzultzeko.
  2. Hitzekin jolastu. Egoera aldatu hitz barregarri batekin, istorio batekin, txiste labur batekin… ezinegon egoera hautsi, momentua kudeatu eta berriz ere lasaitasunera itzuli.

Ziur naiz gai zarela festak, egoerak eta liskarrak ongi kudeatzeko. Zure konpromezua bakarrik falta da. Konturatu ez duzula zure EGOaren menpe egon nahi, gai zarela zuk izan nahi duzun bezalakoa izateko. Jarri martxan hemen azaldutako ideiak, edo zuretzako baliagarriak izango diren beste batzuk. Gogoratu erabakiak zure esku daudela, eta zu zarela erabaki horien erantzule, zuk egin beharko diezula aurre ondorioei aitzakiak alde batera utzita.

Gozatu gabon-festak, gozatu zure buruarekin eta gozatu ingurukoekin.

Besarkada bero bat.

AUTOLAGUNTZA: SASIBELARRA EDO SENDABELARRA?

Azken urteetan autolaguntzaren arloak gorakada handia jasan du, “Bum” bat izaten ari da.

Autolaguntzaren inguruko geroz eta liburu gehiago daude, baita bideoak, tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak eta beste hainbat gauza ere. Eta era guztietako gaiak hartzen ditu barne: sukaldaritza, argaltzeko dietak, zoriontasuna lortzeko bideak, lan gehiago izateko ideiak, lan gutxiago izatekoak, lasai bizitzeko gomendioak, eta abar.

Guzti hori zergatik?

935. urtean Alkoholiko Anonimoen erakundea sortu zen eta talde honen oinarria zera zen: inork ez du hobeto ulertzen alkoholiko baten egoera beste alkoholiko batek baino. Horrek, filosofia eta mekanika berdineko beste hainbat talde edo mugimendu sortzea eragin zuen, azken batean elkar-laguntza bultzatzen zutenak.

Gaur egun bizi dugun mundu honetan norberak bere buruaren jabetza eta kontrola bilatzea du helburu, baina ez digute nola egin erakutsi, ez digute hori aurrera eramateko aukerarik utzi, eta gainera, ez daukagu nahikoa denborarik arlo hori lantzeko. Horren aurrean, liburuek, bideoek, mezuek, tailerrek eta atzeko materialek laguntzen digute barruko su hori pizten. Pauso hori ematen dugunean gure sentsazioa ondorengoa izaten da: aurrera pauso bat ematen ari naiz ni berria bideratzeko.

Zergatik jarraitzen dugu berdin hainbeste liburu eta hitzaldiren ondoren?

Autolaguntza igeri egiten ikastea bezala da, teoria oso argi eduki daiteke, teknika guztiak jakin daitezke, baina azkenean uretara salto egin beharra dago igeri egiten ikasteko. Ez da erraza ikasitakoa martxan jartzea. Azken batean, gure beldurrek, erosotasunek eta inguruak betikoak izaten jarraitzera bultzatzen gaituzte, beti jokatu izan dugun modu berdinean jokatzera. Eta modu horretan zer lortzen dugu? Betikoa. Emaitzak ez dira aldatzen.

Inguruan pertsona asko dauzkagu autolaguntza txorakeria bat dela uste dutenak, ahulentzat dela, eta ni bezalako laguntzaile pertsonalek dirua irabazteko soilik balio duela esaten dutenak. Nik ere baditut lagunak arlo honetako liburuak irakurri edo hitzaldiren batera joango liratekeenak, baina besteek zer esango dutenaren beldurrez geldirik geratzen dira. Baina horietako batzuk askotan kafe batera gonbidatzen naute beren zalantza eta beldurrak elkarbanatu edo beren ametsetaz hitz egiteko. Normala da, uler dezaket. Izan ere, ni ere horrelakoa izan naiz urte askotan.

“Ados Luis, baina ez duzu gauza berrik esaten, esaten duzuna sen onekoa besterik ez da”. Sena oso gutxi erabiltzen dela aspaldi ikasi eta ikusi nuen. Pixkaka-pixkaka sen oneko gauzak ikasten eta berrikusten joatea ez litzaiguke batere gaizki etorriko guztioi.

Egia da ez dudala gauza berririk esaten, aspaldian beste batzuek esan, bizitu eta idatzi dituzten gauzak berreskuratu, pilatu, sailkatu eta azaltzen ditut soilik. Baita nik nire bizitzan izan ditudan esperientziak, gora-beherak, eta bertatik ikasitakoak ere. Hala ere, guzti hori askorentzat baliagarri eta lagungarri suertatzen da, eta ni pozik.

Norberaren jarrera da autolaguntzaren gakoa.

Nik argi daukat autolaguntzak asko lagundu dezakeela, eta hipotesi hori argitzen saiatuko naiz:

Lehendabiziko aldiz liburu bat irakurtzea edo ikastaro edo hitzaldi batean parte hartzea erabakitzen dugunean aurrera pauso bat egiten ari gara, hain zuzen ere, lehenengo aurrerapausoa izango da. Horren aurrean, konturatzen gara zerbait falta dugula, zerbait aldatu edo hobetu nahi dugula. Eta lehen erabilitako alkoholiko anonimoen adibidearekin jarraituz,  hobetzeko lehenengo pausoa hori onartzea izango da. Beraz, lehenengo pausoa emanda, ZORIONAK!

Bigarren pausoa, onartzen dugun horretatik irteten ez dakigula ikustea izango da. Onartu beharra dago ez dakigula dena eta denetik. Socratesek zioen moduan: “Bakarrik dakit ez dakidala ezer ez”. AURRERA! Honen aurrean gure egoera berdinetik beste norbait atera dela edo aurrera egin duela konturatzeak eta berak emandako pausoak azalduko dizkigula jakiteak esperantzaz betetzen gaitu. ANIMO!

Autolaguntzako prozesuan gure sinesmenak aldatzen dira, izan ere, egoerak beste ikuspuntu batetik begiratzea lortuko dugu eta  ingurua beste betaurreko batzuekin begiratzea. Sinesmenak aldatuz gero, pentsamenduak ere aldatuko dira, baita emozioak ere. Ondorioz, jarrera ere guztiz aldatuko da. Eta, jarrera aldatzen bada, zer gertatuko da? Lortuko ditugun emaitzak guztiz desberdinak izango direla.

Kontutan izan behar dugu ez dela berdina zerbait ezagutzea edo zerbait jakitea. Sagardoaren inguruko liburu bat irakur dezakegu, dokumental bat ikusi edo hitzaldi batetara joan. Ezagutzen dugu sagardoa nola egiten den, zer den beharrezkoa eta zer pausu jarraitzen diren, baina badakigu sagardoa egiten?

Denean eta beti gertatzen den bezala, jarrera ezinbestekoa da hemen ere, helburua lortzeko gai edo ez-gai izateko. Liburuan, kurtsoan edo hitzaldian ikasitakoa egokia edo baliagarria iruditzen bazaigu praktikan jarri beharko dugu eta denboran zehar konstante izan. Zenbat denbora? Helburua lortzeko beharrezkoa zaigun denbora guztia.

Oso argi eduki behar dugu autolaguntzako liburu, ikastaro eta hitzaldiak aukeratzeko momentuan idatzi duenak edo aurkeztuko digunak bide hori egina duela eta emaitza onak lortu dituela. Autolaguntza bultzatzen dugunok gainontzekoei bide berriak aurkeztu, bide berri horiek probatzera bultzatu eta prozesu horretan laguntzeko gaude. Eta ziur naiz bide egokia aurkituko duzula. Zure barneak esaten dizuna entzuten baduzu, bide berriak probatu eta benetan nor zaren ikusiko duzu.

Gozatu zure bideaz eta laguntzarik beharrez gero, badakizu non nagoen.