Entradas

NOLAKOA ZARA ZU?

Ez bazara konponbidearen parte, arazoaren parte zara. “Ez da erraza“, “ni horrelakoa naiz“, “helduegia naiz horretarako“, “ez dut denborarik“, “zuretzat erraza da, baina nire egoeran egongo bazina…“, “Nire nagusia/bikotea/bazkidea/irakaslea ezagutuko bazenu…“. Zenbatetan erabiltzen ditugu horrelako aitzakiak? Etengabe entzuten dira horrelako esaldiak, izan ere, guztioi iruditzen zaigu gure kasua berezia dela, edo gainontzekoek baino arrazoi gehiago dugula, baina ez da hala.

Zerbaiten inguruan kexatzea gure ezinegona eta mina kanporatzeko modua da, eta norbaitek gure ordez arazoak konpontzeko nahia adierazten du. Horren aurrea, nire galdera ondorengoa da: Zertan hobetu da gure egoera kexatu ondoren? Kexatzeak laguntzen al digu? Hala bada, ados, kexatu. Baina, kexatu ondoren martxan jarriko gara? Zerbait egingo dugu?

Badago jendea pentsatzen duena politikoak, banketxeak, sindikatuak eta beste hainbat direlaberen arazoen konponbidea bilatzeko arduradurak. Eta sentitzen dut, baina berri txar bat daukat pertsona horientzat: ez da gertatuko. Nahikoa dute beren lana egin eta berentzako konponbideak bilatzen, eta begira nola doakien.

Norberak topatu behar ditu norbere arazoen konponbideak, eta garrantzitsua da hori lehenbailen konturatu eta hala dela onartzea.

Bi motako pertsonak daude:

  • Arazo eta kezketan oinarritzen direnak. Kexatan murgildurik bizi dira, eta egoera beren aldekoa denean soilik sentitzen dira ondo.
  • Konponbide eta aukeretan oinarritzen direnak. Beren esku dauden aukerak topatzea dute helburu. Esker onekoak dira, eta ez dute beste munduko ezer behar bizitzarekin pozik eta eskertuta egoteko.

Psikologoek egindako hainbat ikerlanetan ikusi da esker onekoa izatea oso garrantzitsua dela bizi-kalitate fisiko zein emozional ona izateko. Pertsona horiek erlazio hobeak izaten dituzte, eta osasuntsu eta zoriontsuagoak izaten dira. Gainontzekoei laguntzeko borondate gehiago eta bizitzeko ilusio gehiago azaltzen dituzte. Esaterako, bizitzea, aldi berean hain handi zein txikia iruditzen zaiguna, esker onekoa izateko nahikoa arrazoi da.

Horren inguruan hausnartzea da nire gomendioa. Gure jarrera nolakoa izaten den aztertu, eta beharrezkok bada hobetzeko plan bat egitea. Eta garrantzitsuena, plan hori martxan jartzea. Modu horretan askatasuna berreskuratzeko aukera izango dugu, gure borondatearen jabe izateak indarra eta boterea emango baitigu. Ez dugu denbora alferrikako kexetan igaroko, baizik eta gure esku dauden konponbideak bilatzen. Ez dugu gainontzenkoek gure arazoen konponbideak bilatzeko zain egon beharko. Gure bizitzaren gidari bihurtuko gara modu horretan, daramagun norabidea gure baitakoa izango baita, eta hazi egingo gara.

Hala ere, hori guztia esan ondoren bada jende asko onartzen duena jarrera aldaketa bat beharrezkoa dela, baina ez direnak martxan jartzen.  Eta zer gertatzen da orduan?

Victor Kuppersmaisu handiak dio pertsonaren balioa formula honekin adierazten dela:

Balioa= (Ezagutza + abilezia) x jarrera

Lanean, ikasketetan, baita bizitzan ere ezagutza ezinbestekoa da, eta abilezia ere beharrezkoa da. Argi dago bi ezaugarri horiek pertsona baten balioa sustatzen dutela. Baina norberaren jarrerak balio hori biderkatzen du. Ezagutza eta abilezia gutxiago izanda ere, jarrera egokia daukan pertsonaren balioa neurtezina da.

Ez bagara gu geu gure bizitzaren gidari eta ez badugu gure erabakien errespontsabilitatea hartzen, beste norbaitek egingo du lan hori gure ordez. Baina beti ere berari gehien komeni zaion moduan.

Honen aurrean mezu garrantzitsu bat zabaldu nahiko nuke: konponbidea gure barnean dago. Egoera bati konponbiderik topatu nahi badiogu, gure esku dagoen horretan jarri behar dugu arreta. Lagungarri izango zaigu baikorrak diren pertsonez inguratzea, eta agian beharrezkoa izango da emozionalki lotuta mantentzen gaituzten arlo edo pertsonengandik urruntzea. Aske izan behar gara, eta ezinbestekoa da gainera, gure buruarengan sinestea. Laguntza behar dugunetan, ez dugu dudarik egin behar eta laguntza eske joan behar gara, normaltasunez.

Ziur naiz zuk duzula zure ametsak egia bihurtzeko giltza, baina horretarako jarrera egokia eta esker ona ezinbestekoak dira. Zailtasun eta topatuko dituzu kanpoan, baina oztopo handienak zure barruan daude.

Hemen dituzu galdera garrantzitsu pare bat: Zenbat aldiz esan duzu gaur mila esker edo eskerrik asko? Zertan aldatu nahiko zenuke zure jarrera?

INGURUA: ESAIDAZU NOREKIN ZABILTZAN ETA ESANGO DIZUT NORA IRITSIKO ZAREN

Nola baldintzatu ditzake gure inguruak gure bizitza eta ametsak? Gure inguruan zein dagoen ezagutzea oso garrantzitsua da jakiteko zer egin nahi dudan eta norekin partekatu nahi ditudan nire ametsak.

Gaur egun, inguruko iritziek asko baldintzatzen gaituzte. Gure bidean aurrera bultzatzeko indarra daukate, baina zulora bidaltzeko indarra ere badaukate. Ez litzateke astakeria izango esango banu bakoitza bere inguruarekin pasatzen duen denboraren  ispilu bihurtzen dela. Horren aurrean, norberaren lana inguru hori ezagutu eta onartzea izango litzateke, eta gehien komeni zaigun ingurua aukeratzeko gaitasuna izatea.

Nola jakin dezakegu gure ingurua indartzailea edo mugatzailea den? Aztertu beharko dugu gure inguruan zein motako pertsonak dauzkagun. Nik pertsonak hiru taldetan sailkatzen ditut:

  • BERUNAK. Guztiari alde txarra, oztopoak eta arriskuak ateratzen trebeak dira. Pentsamendu ezezkorrek gidatzen dituzte. Egoera oro txar eta latz moduan ikusten dute, eta ez zerbait ondo irtetzea ezinezko dela uste dute.“Zertarako egin behar duzu hori?”, “ Zer behar daukazu?”, “Ez da ongi aterako, egin kasu”. Pertsona horien ondoan egotea laino beltz baten azpian bizitzearen antzekoa da, eguzkirik ikusi gabe bizitzea. Zure animoa eta ilusioa ere belztuko dira eta zalantzak sortuko dizkizute. “Ez ote nabil zuzen?”, “ez ote da ideia ona?”,“arrazoi ote dute?”. Aurrera pausoak egin nahi baditugu, pertsona mota honetatik ihes egin beharko dugu. Edo behintzat ez da ideia ona izango gure ametsak beraiekin elkarbanatzea.

 

  • KORTXOAK. Uretan egurra dabilen moduan ibiltzen dira, korrontearen alde. Ez dute gure ametsa zapuztuko, baina ezta bultzatuko ere.Ez gora eta ez behera. Trebeak dira oharkabeko izaten eta errespontsabilitaterik hartu gabe bizitzen.Ez gaituzte animatuko gure erabakia hartzera eta ez digute oztoporik jarriko, betiere inplikatzen ez badituzu. Inplikazio eske joaten bagara, beren indar guztiak aterako dituzte ardurarik ez hartzeko. “Ondo da, esango didazu”, “kontuz egiten duzunarekin”, “nik ere gustura egingo nuke, baina…”, “bada ez bada ni nagoen bezala geratuko naiz”. Zerbait martxan jarri behar badugu eta aldaketaren bat egiteko prest bagaude, hobe horrelako pertsonekin ez kontatzea. Ez digute galaraziko gure ibilbidea aldatzea edo bide berri bat hastea, baina beren nahiezak kutsatuko gaitu.

 

  • SUZIRIAK. Berenbidea egiten dute, eta kanpoko egoerak ez ditu baldintzatzen beren bidea egiteko. Egoera beraien alde badago, primeran, baina alderantziz bada, beraiek markatuko dute beren bidea.Azken mugimenduen eta berrikuntzen inguruan erne daude, ikasteko prest, eta ez dira aldaketen beldur. Baikortasunak gidatzen ditu, ameslariak dira, eta gure helburu edo ametsei bultzada bat emango diete. Ideia ona da horrelako pertsonez inguratzea eta egiten dutena erreparatu eta ikastea. Gauzak nola egiten dituzten, nola ikusten duten bizitza, nola hitz egiten duten, eta abar. Begiak irekiko dizkigute, eta konturatuko gara aukera asko daudela bizitzaz gozatzeko.

Planteatutako aldaketa pertsonala lortzeko ingurua aukeratzea izango da lan garrantzitsuenetako bat. Izan ere, gure inguruak zeresan handia izango du helburuak lortu edo ez lortzeko garaian.

Honek ez du esan nahi ingurua guztiz aldatu behar dugunik. Baina erne egon behar gara, ezagutu beharko dugu nortzuk diren lagungarri prozesu honetan eta nortzuk ez. Horrela sailkatuko ahal izango dugu norekin eman denbora gehiago eta norekin gutxiago, norekin eduki konbertsazio mota bat eta norekin ez, norekin partekatu ametsak eta norekin ez.

Guztiok daukagu ingurune toxikoren bat, ezkortasunak gidatzen duena, txutxu-mutxuka ibiltzen dena, gure beldurrak indartzen dituena. Ezer onik jasotzen al dugu ingurune horretatik? Energia gehiago ematen digu edo daukadan energia kentzen digu?

Beraz, garrantzitsua da ingurua ondo ezagutu eta aukeratzea aldaketa bat egin nahi badugu, bai barneko aldaketa pertsonal bat zein gure bidean aldaketa bat. Jakin behar dugu nork lagundu eta bultzako gaituen bide horretan gure helburuak lortzeko.

Hemen duzu galdera garrantzitsu bat: Zein inguru izatea komeni zaizu zure aldaketa lortzeko?