ZURE BIZITZA ALDATZEKO 25 GALDERA

Galdera onek beti dakartzate erantzun onak. Artikulu honetan galdera batzuk sailkatu ditut, arretaz barrura begiratu, ikusi, entzun eta bizitzan denok jakin beharko genituzkeen erantzunak topatzeko. Zer nahi dut benetan?

Pertsonekin urte asko lanean pasa ondoren badakit muga guztiak norbere barruan daudela eta gure hazkuntza muga horietaraino iritxiko dela gehienez, inoiz ez muga horietatik haratago. Baina berri on bat daukat zuretzat. Muga horiek norberak jartzen ditu, beraz, norberak aldatu ditzake eta ikusmira zabaldu. Mugak gaindituz gero zure hazkuntza ere proportzionalki handituko da. Horretarako zu eroso zauden leku horretatik atera eta zure hazkuntza lekura mugitu beharko duzu. Gaur zarena utzi eta pertsona berri bat izan beharko duzu. Prest al zaude?

Hemen jarri dizkizudan galderekin zure sinesmenak alde batera utzi eta ikuspuntu berri batekin begiratu beharko duzu zure barrura.

Zure buruak eta bihotzak emango dizkizute erantzunak.

Ahaztu kanpoko baldintzak: zer esango dute? Ni ez naiz horretarako jaioa? ez dut balio? zaharregia edo gazteegia naiz? ez naiz uste bezain ona? Entzun bihotzari, entzun arimari, entzun zure gorputzeko seinaleei eta benetan zure ametsak topatzean, agian zu berri bat ezagutuko duzu. Galderei erantzun ondoren energia gehiago izango duzu, gogo gehiago, zure norabidea askoz ere argiagoa izango da, zehatzagoa. Zu izango zara zure buruarekin egongo dena bizitza guztian, zurekin baino gehiago ez duzu inorekin hitz egingo, baina entzuten al diozu zure buruari? Eta zure bihotzari? Ba al dakizu momentu oro zer esaten edo adierazten dizuten?

Erantzuteko garaian gauza bat eskatu nahiko nizuke. Badakit, probatuta daukat eskatuko dizudan hau dela egiazko aurrera pausoa egiteko baldintzetako bat. Erantzuna izan dadila zure barruan dagoen ideietatik sortua, eta ez zure sinesmen mugatzaileak erantzun zuzena dela esaten dizuna. Zure erantzunak izango dira, zuretzat bakarrik, inori ez dizkiozu erakutsi beharko, beraz, ez egin tranparik zure buruari. Mundu guztia engaina dezakezu, baina ez zure burua. Batzuetan erantzunak beldurra ematen digu, badakit zer esaten didan barruak baina hori lortzeko bidea ezin dut ikusi eta nire erantzuna aldatzen dut. Oraingoan eskatuko dizudana da muga hori alde batera uztea, eta zure lehen erantzuna idaztea. Ez badakizu horra iristeko bidea lasai, normala da, hori beste lan bat da, baina nora joan nahiko zenukeen jakitea da garrantzitsuena. Bidea eta baliabideak gero agertuko dira.

Zu prest bazaude ni ere prest nago galdera hauek egiteko. Seguru nago galderen ondoren beste pertsona bat izango zarela, beste ikuspuntu batekin, askoz ere argiagoa, energia gehiagorekin. Hasiko gara? Hementxe doaz galderak:

  • Zer da ezinezkoa dirudiena nire bizitzan, baina egia bihurtuko balitz dena aldatuko lukeena?
  • Zer da oso garrantzitsua niretzat?
  • Zer egingo nuke gaizki ateratzeko edo huts egiteko beldurrik ez banu?
  • Zer da benetan nahi dudana eta zer egingo dut horrekin?
  • Zer egingo nuke gustura emaitza ziurtatuta balego?
  • Zerk emango lioke zentzua nire bizitzari?
  • Zer botatzen dut faltan nire bizitzan?
  • Zer egingo nuke gustura nire bizitza osoan?
  • Zer hasi, zer jarraitu eta zer bukatu nahi dut?
  • Nolakoa litzateke nire ametsetako bizitza?
  • Zein jarrera aldatu nahi ditut ni berri bat izateko?
  • Zer da gehien gustatzen zaidana, eta non edo zertan sentitzen naiz ondo nire buruarekin?
  • Nola sinplifika dezaket nire bizitza?
  • Zein da nire bizitzako ametsik garrantzitsuena?
  • Zein dira nire gaitasunak eta trebeziak?
  • Ze irabazi eta galduko nuke amets horiek lortuz gero?
  • Prest al nago nire ametsen eta barruak esaten didanaren bila joateko?
  • Ez banu diru arazorik, zer egingo nuke?
  • Nolakoa da nire buruarekin daukadan erlazioa?
  • Nire ingurua laguntzailea edo mugatzailea da?
  • Zer hobetu beharko nuke?
  • Gaur hilko banitz, zein etorriko litzake nire hiletara eta zer esango lukete?
  • Zer egingo luke nik gehien miresten dudan pertsona horrek nire lekuan?
  • Nire lagun hoberena nire lekuan balego, zer gomendatuko nioke?
  • Zein izango da nire hurrengo pausoa?

Lan hau egin baduzu seguru nago beste ikuspuntu bat izango duzula zure burua eta bizitzaz. Baita zure ametsak, helburuak eta eman beharreko pausoak argiago ikusiko dituzula ere. Orain zure esku dago. Zauden lekuan geratzen bazara, primeran, zure erabakia da. Aurrera pausoren bat egiten baduzu, oso ondo, asko ikasiko duzu eta zure autoestimua hobetuko duzu. Aldaketa nagusi edo garrantzitsuren bat egin behar baduzu, animo, baina poliki-poliki hasi, pausoz pauso, txikitan ibiltzen ikasi zenuen bezala.

Espero dut argitzen lagundu izana eta laguntzarik beharrez gero, badakizu non nagoen. Ondo izan.

0 comentarios

Dejar un comentario

¿Quieres unirte a la conversación?
Siéntete libre de contribuir

Deja un comentario

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *